Jakintzako ikasleek gurasoen euskararen erabilera neurtu dute
DBHko ikasleek egindako ikerketaren ondorioa da gurasoen %57,8ak euskaraz hitz egiten duela. Hala ere, ikasleak uste dute ez dela horren «altua» lortutako datua m.aranburu
Disimuluarekin guraso taldeetara inguratu, eta zein hizkuntzatan hitz egiten duten jaso dute Jakintzako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle batzuek. Hori ikertu dute, Jakintzako ikasleen gurasoen euskara maila zen den, eta ikusi dute gehiengoa, %57,8a euskaraz mintzatzen dela.
Hogei bat ikasle ibili dira DBHko bi klasetakoak guztiak ez, batzuk frantseseko klaseetara joaten dira. «Ikastolako gurasoek euskara erabiltzen zuten edo ez jakin nahi genuen», azaldu du Unai Etxebarrietak. Horretarako, neurketa fitxa batzuk egin ditu Manu Olano irakasleak, eta talde txikitan banatuta, gurasoek zein hizkuntza erabiltzen duten apuntatzen joan dira marratxoen bidez. «Bakoitzak geure teknikak erabili ditugu neurketa egiteko», esan du Garazi Irastorza ikasleak. Teknika ugari ibili dituzte inor ohartu gabe datuak biltzeko. Jasotako datuekin txosten bat osatu dute. Azaroaren 4an eta 11an egin zituzten neurketa horiek, batez ere ikastolaren inguruetan.
Gehienak, euskaraz
Guztira 562 pertsona erregistratu dituzte ikerketa honetan. Horietatik 325 dira euskaraz mintzatu direnak, %57,8a. Komunikatzeko gaztelania erabili dute 202 pertsonak, %35,94k. 35 pertsonak,%6,23ak, berriz, beste hizkuntza bat erabili dute. Gurasoen datuak biltzeaz gain, Ordiziako hizkuntza neurketak ere hartu dituzte kontuan konparaketa egiterako garaian.
2011. urtean Eustat agentziak Ordiziako euskara erabileraren inguruko datuak ezagutarazi zituen, eta datu horiek erabili izan dituzte hain zuzen konparaketa bat egiteko. Agentziaren datu soziolinguistikoen arabera, Ordizian duela bost urte euskararen erabilera %39koa zen kalean eta etxean, berriz, %31,31koa. Euskara gaitasunari dagokionez, %57,2a zen elebiduna.
Jakintzako gurasoekin egindako ikerketak datu hobeak lortu ditu 2011koekin alderatuz. Hala ere, orokorrean, ikasleak ez daude gustura lortutako emaitzarekin. «Gaztelaniaz hizketan jende asko entzuten dugu», adierazi du Haritz Galparsorok.
Eta ez dakitenek, zer?
Ikasleek, gehienez ere, hiru gurasoz osatutako taldeak aztertu dituzte. Horren arrazoia azaldu du ikasle batek: «Lau edo gehiago baldin badaude posiblea da batek ez jakitea euskaraz, eta horrenbestez, ingurukoak gaztelaniaz hitz egitea». Joera hori nabaritu dute Jakintzakoek. Euskaraz ez dakitenekin gaztelaniaz mintzatzen dira gurasoak, eta horretan «hobetu beharra» dagoela azaldu dute. «Askotan elkarren artean gaztelaniaz hitz egiten dute, eta haurrak aurrean baldin badaude, euskaraz», esan du Irastorzak.
Egoera horren aurrean, euskaltegiak aukera ezin hobea direla uste dute Jakintzako gazteek. «Ez dakitenek esfortzua egin behar dute euskara ikasteko», azaldu dute. Bestalde, landu beharreko beste atal bat ere ikusten dute: dakitenek ez dakitenei erakustea. Adibide ezin hobea dute klasean: kanpotik etorritako lau ikasle daude. Horietako bi etorri berriak dira, eta oraindik ez dute euskaraz hitz egiten. Beste biak, baina, ondo moldatzen dira, eta hilabete gutxian ikasi dute euskaraz hitz egiten. «Pixkana-pixkanaka», azaldu du Mohammed Rai ikasleak.













