Ekitaldiz gainezka dator aurten ere Xabier Ormazabal Mendi Festa
Gaur arratsaldean Xabier Ormazabal Mendi Festaren bederatzigarren edizioa aurkeztu dute Urretxuko udaletxean. Ekitaldian Jon Luqui alkateak eta Andoni Ormazabalek parte hartu dute. Mendi Festa hilaren 22an eta 23an ospatuko da. Aurten ere makina bat ekitaldi izango da: dantza bertikal ikuskizuna, liburu aurkezpena, dokumental emanaldiak, herri bazkaria, Jon Maia eta Gorka Hermosaren emanaldia, Doctor Deseoko Francisen kontzertua… eta eskalada, noski!
Maiatzaren 22an (ostirala) Harrobi dantza bertikal taldeak Geure(r)a ikuskizuna eskainiko du. Ederrena pilotalekuan izango da, 22:00etan. Gainontzeko ekitaldiak hilaren 23an (larunbata) izango dira, Gernikako Arbola plazan (eguraldi txarra eginez gero, Ederrena pilotalekuan). 09:00etan eskola kiroleko haurrek eskalada egiteko aukera izango dute. 11:00etatik aurrera, hasi berriek eskalatzeko aukera izango dute. Gainera, jolasak eta ikastaroak egongo dira haurrentzat eta tonbola irekiko dute. 12:30etik aurrera esperientziadunek eskalatuko dute. 14:00etan herri bazkaria egingo dute.
Bazkalostean, 15:00etan, haurrentzako zine emanaldia izango da. 16:00etan Juan Vallejok (Historias) bajo cero liburua aurkeztuko du. Ekitaldia Juanjo San Sebastianek gidatuko du. 17:00etan, Patxi Arozenak eta Patxi Usobiagak kirol eskaladari buruzko solasaldia egingo dute. 18:30ean belaunaldien arteko eskalada erronka egingo dute. 19:30ean afari merienda eta zozketa egingo dituzte. 20:30ean Jon Maiak eta Gorka Hermosak kontzertua egingo dute. 21:00etan Xabier Ormazabal bekaren irabazlearen izena eta bere egitasmoa ezagutzera emango dituzte. Aurten lau proiektu aurkeztu dira. 21:30ean Iker Urangaren Izarren zaunka dokumentala emango dute eta 22:00etan Silvia Vidalen Alaska: un pas mes dokumentala. Bukatzeko, 23:00etan Doctor Deseo taldeko Francisek kontzertua egingo du, gitarristak eta saxofonistak lagunduta.
Luquik Xabier Ormazabal Mendi Festa goraipatu du. “Mendi festa berezia da. Gauza asko ditu azpimarratzeko. Parte hartzen duen jendeak oso festa kuttuna egiten du. Xabierren izpirituak presentzia fisikoa du ia bi egun horietan. Jende askok parte hartzen du, jendearen arteko hartu-emana estua da, adin ezberdinetako jendea elkartzen da… Xabierrekin lotutako baloreak ditu: mendia, natura, elkarrekin gauzak egitea, umiltasuna, elkartasuna… Ekitaldiak babesle asko ditu eta hori ere esanguratsua da. Gainera, bekak gazteei laguntzen die. Andoniri eta bere ingurukoei eskerrak eman nahi dizkiet. Eta jendeari Urretxura etortzera animatu”.
Ormazabalek alkateari eta teknikariei, udalari orokorrean, eskerrak eman dizkie. “Proiektu honetan sinetsi zenuen eta ametsa zena ahalbidetu”, esan dio Luquiri. Festa etengabe hazi dela gehitu du. “Espero ez genuen toki batera heldu gara. Estatu mailan diru gehien eskaintzen duen beka da. Babesle ezberdinak ditugu. Urretxu eta Zumarragako 60 dendak baino gehiagok produktuak eman dizkigute tonbolarako. 60 pertsona baino gehiago izango ditut nire ondoan lanean: Xabi lagun zutenak eta bekan sinisten duten gazteak. Doctor Deseoko Francisek ez du ezer kobratu nahi, berak ere bere aletxoa jarri nahi duelako”.
Bukatzeko, Luquik Mugitegiko pabiloi batean egiten ari diren rokodromoa urte amaierarako prest izango dela esan du eta oraindik ez duela izenik gogoratu du.













