Gijongo palariek olaberritarrekin jokatuko dute, etzi, Olaberrian
Olaberriko palari taldeak Espainiako pilotari batzuen aurka jokatuko dute, larunbat arratsaldean, Olaberrian bertan. Orain arte desafio gehienak bizkaitarrekin egin badituzte ere, aurten Gijongo (Asturias) pilotari adiskide batzuekin jaialdia antolatze...
Larunbatean 17:00etan hasiko da jaialdia, udal pilotalekuan. Hiru partida jokatuko dituzte, lehenengoa paleta larruarekin eta beste biak pala motzarekin.
Letamendia-Arrieta olaberritarrek Gijongo Couso-Vazquezen aurka neurtuko dituzte indarrak, aurrena. Gero, Ibarguren-Zurutuza eta Goyo-Alberto, eta Garrido-Arantzegi eta Hector-Bruno bikoteak lehiatuko dira, motzean, bi partidatan.
Txapelketa ezberdinetan
Olaberriko palariak urtean zehar Euskal Herriko lehiaketetan jarduten badira, Gijongoak Espainiako Txapelketan aritzen dira. «Gijongo pilotariak Euskal Herritik kanpoko txapelketan soilik lehiatzen dira. Eurentzat aukera paregabea da hona etortzea eta pilotan gehien jokatzen den lurraldean lehiatzea», azaldu du Olaberriko pala taldeko Xabi Berasategik. Gauean afaria egingo dute denek, Arkupen.
Asturiasen ere pilotan egiten dutela erakutsiko dute, bestetik, gijondarrek. «Euskal Herritik kanpora ere badira pilotariak, baina askoz gutxiago. Gure mailak neurtzeko aukera dugu».
Olaberriko palariek, beren aldetik, Gipuzkoako Herriarteko txapelketa prestatzeko baliatuko dute etziko desafioa.












