Komun publikoak eraikitzen hasi dira Zerainen
Zeraingo plazan, elizaren atariaren ondoko lokalean, komun publikoak eraikitzeko lanean hasi dira. Bi komun egokituko dituzte bertan.Arantza Ruiz de Larrinaga alkateak emandako datuen arabera, «batzordean eztabaidatu zen nolako komunak egin eta komun ...
Zeraingo plazan, elizaren atariaren ondoko lokalean, komun publikoak eraikitzeko lanean hasi dira. Bi komun egokituko dituzte bertan.
Arantza Ruiz de Larrinaga alkateak emandako datuen arabera, «batzordean eztabaidatu zen nolako komunak egin eta komun komunak egitea erabaki zen». Alegia, nesken eta mutilen komunak bereizi gabe. «Gaur egun jadanik dagoena aprobetxatuko dugu, berrituta, eta beste berri bat egingo da. Pertsona guztiek erabili ahal izango dituzte», gaineratu du alkateak. Horrezaz gain, haurrei pardela aldatzeko erraztasunak eskainiko ditu komunak.
13.528 euroko aurrekontua dute komun berriek: «Lau enpresen aurrekontuak jaso eta aztertu ondoren Bai Reformas enpresak egingo ditu lanak». Ruiz de Larrinagak zehaztu duenez, «Goimenetik diru laguntza jasoko du udalak komun publikoak egiteko».
Obra garrantzitsua da Zeraingo Udalarentzat komun publikoena. Izan ere, «Zerainen ez dago komun publikorik eta aspaldiko eskaera zen herritarren aldetik. Horri gehitu behar zaio, astero-astero herrira datozen bisitarien beharrak».
Maiatzerako komunak prest egotea aurreikusten du udalak.
Batzordeen bilerak
Bestetik, udaletik jakinarazi dutenez, bihar, 18:00etan, udaletxean, Zerbitzuak eta Azpiegiturak batzordea bilduko da. Astelehenean, berriz, apirilaren 11n, Kultur Etxeko (Herri bizitza) batzordea, kultur etxean, 18:15ean. Besteak beste, festak eta kultur astea, zuntz optikoa, komun publikoa, etxebizitzak, web gunea eta sare sozialak, lur mugen eguneratzea, Herri txiki Altxor handi egitasmoari atxikimendua eta autobusa gaiak landuko dituzte. Batzordeak irekiak dira.













