Biloreren negarra entzunaraztera
Zaldibiako xaboi lantegi zaharraren egoera bideratzeko nahian, herritarren eta Arkitektura ikasle austriarren eta euskaldunen arteko elkarlana proposatu du Xotil Natke zaldibiarrak.
Korapilo judizial, zor ekonomiko, lehiaketa-lege, hartzekodun zerrenda eta utzikeria mataza bat da Zaldibiako Bilore xaboi fabrika zaharra. Hori gutxi ez, eta hondamendi ekologikoa sorrarazteko «bonba» da, barruan oraindik dauden gai kimiko eta isurketa potentzialagatik. Baita arrisku fisikoa ere: gainbehera erortzen ari dira pabiloiak.
Egoera horrek frustrazioa eta nahigabe etsigarria eragin ditu Zaldibian. Behinola herriko ekonomiaren motore aktibo zena, amesgaizto ekonomiko, sozial, politiko, instituzional, ingurumeneko eta kolektibo sortzeko bidean da. Histasun horri buelta eman nahian, herritarrengan eta auzolanaren teorian oinarritutako proposamena egin zuen, lehengo astean, Xotil Natke arkitektura ikasle zaldibiarrak.
Natke, 16 urte arte Zaldibian bizi izana, Arkitektura bukatzen ari da Innsbrucken (Austria). Karrera bukaerako proiekturako sorterriko Biloreren egoera proposatu zion irakasleari; gustatu, eta nazioarteko elkarlan izateko bidean da asmoa. Udalbiltzaren Ikerbiltza programak, Zaldibiako Udalak eta EHUren Donostiako Arkitektura Fakultateak bat egin dute, Innsbruckeko Unibertsitatearekin eta Natkerekin.
«Herriari indar botere bat nola eman bideratu nahi dugu, oihartzuna atera» Xotil Natke (Arkitektura ikasle zaldibiarra) «Helburua ez da Biloren zer egin erabakitzea. Zarata egin behar da» Ibai Esteibarlanda (Udalbiltzako teknikaria)Aukera herriari eman Arkitekto gai baten aldetik irtenbide tekniko eta proposamen urbanistikoren bat espero baliteke ere, hortik aparte dabil Natkeren proposamena. «Kapital humanoa» biziberritu nahi du, Biloreren egoera «benetan» aldatzeko herriari «aukera» eman. «Egoera erreala da arazo juridiko eta teknikoak daudela. Herrian desesperazio puntu bat badago Biloreren auziarekin. Indar botere bat nola eman bideratu nahi dugu», azaldu du Xotil Natkek, Biloreren sarrera hondatuan bertan. Erakundeen lan instituzionalak bere bidea egingo du. Natkeren asmoa «plazan oihartzuna» ematea da, herritarrekin partaidetza prozesu bat ekainaren hasieran abiatuta. «Helburua ez da hemen zer egin erabakitzea, frustrazioa askatzea da nahia. Zer behar dagoen, nola azaldu, zarata egin euskarri tekniko batekin», gaineratu du Udalbiltzako teknikari eta arkiteko ere baden Ibai Esteibarlandak —ezin izan zuen aurreko astean hitzaldira etorri—. Herria mugitzeak horrekin udalari zilegitasun bat emango lioke beste erakundeen aurrean hots hori baliatzeko, sustatzaileen iritziz. «Biloreren arazoa da egunerokotasunetik galdu de-la», dio Natkek. Abenduan EHUko eta Innsbruckeko arkitektura ikasleen artean bi asteko jardunaldia egingo dute. Zaldibiako herritarrekin ekainean hasiko da lanketa. Bihar 22:00etan, berriz, Zaldibiako Gaztetxean beste hitzaldi bat egingo du Xotil Natkek.














