Unai Etxeberria ‘Osinalde’ Izar Berriak aizkolari txapelketako finalean
Unai Romaironerekin batera ari da jokatzen Ezkiokoa 23 urtez azpikoentzako binakako aizkora txapelketa.
Unai Etxeberria eta Unai Romairone, larunbatean Altsasun (Nafarroa).Hitza Izar Berriak aizkolari txapelketako lehenengo finalerdia jokatu zen larunbatean —maiatzak 2— Altsasuko (Nafarroa) Iortia plazan. Unai Etxeberria Osinalde ezkiotarrak eta Unai Romairone bikoteak finalerako txartela eskuratu zuten bertan, egin beharreko lan guztiak, —zutika, kolpeka eta lan luzeak— bikain egin eta gero. Oier Mitxelena eta Jakes Izeta V.ena eta Aritz eta Eñaut Oiarbide bikoteak izan zituzten aurkari larunbateko saioan. Finala maiatzaren 27an jokatuko da Astigarragan.
Izar Berriak binakako aizkora txapelketa 23 urtez azpiko aizkolariei zuzenduta dago. Txapelketa apirilaren 6an hasi zen Agurainen, Zertzena Herri Kirol Taldeak antolatuta, Rural Kutxaren babesarekin. Binakako aizkolari gazteen txapelketarekin batera, emakumezkoen binakako txapelketa ere ari dira jokatzen.
Guztira bederatzi bikotek ekin zioten txapelketari gazteen mailan, tartean baita beste bi goierritar ere: Jon Zaldua II.ena zumarragarra eta Joanes Izagirre Ipiña, urretxuarra. Lehenengo kanporaketa jokatuta, maiatzaren 17an finalerdia jokatuko dute Urnietan, eta ikusteko dago finala jokatuko duten ala ez.
Etxeberria lesionatuta
Larunbateko kanporaketan min hartu zuen Etxeberriak, zaintiratu bat izan zuen besoan eta ondorioz, ezin izan zuen igandean Urretxun jokatu behar zuen bigarren mailako aizkolari txapelketako kanporaketan parte hartu. Joanes Izagirre bosgarren sailkatu zen Urretxun, baina txapelketatik kanpo geratu da.














