Izadi 21 aholkularitza taldearen laguntzarekin bideratuko da. Diagnosi fasea egingo dute ekainean zazpi elkarrizketa saiotan. Irailean herri batzarra egingo dute.

Beasain iraunkorrago bat helburu hartuta, 2016-2030 epealdiko Iraunkortasunerako II. Ekintza plana osatuko du Beasaingo Udalak datozen asteetan eta hilabeteetan. Izadi 21 aholkularitza taldeak gidatuko du prozesua. Udaletik jakinarazi dutenez, «Tokiko Agenda 21 prozesuaren jarraipena eta eguneratzea izango da, egungo beharrei behar bezala erantzuteko».
Diagnostikotik abiatuko da prozesua. Horretarako, lehenik eta behin, Beasaingo errealitatea aztertuko dute «gaur egungo errealitatearen isla izango den argazkia ateratzeko». Ekainean, zazpi elkarrizketa saio antolatu dituzte herriko hainbat eragilerekin. Hezkuntza eragileak, gazteria eta kirola, emakumeak, hirugarren adina, merkatariak eta ostalariak, landa eremua eta industria arloak hartu dituzte oinarri ekarpenak jasotzeko. «Lehen partaidetza saio hauen helburua herritar kolektibo ez- berdinen pertzepzioa hurbiletik jasotzea izango da».
Irailean, berriz, Iraunkortasunerako Ekintza planaren osaketarako lehen herri batzarra egingo dute; eragileei eta herritarrei egongo da zabalik. Ekintza plana osatuko duten ekintzak proposatu eta adostea izango da helburua. Diagnostikoa oinarri hartuta, «argazki horretan sumatzen diren gabeziei eta beharrei aurre egiteko dokumentua osatzeko fasea abiatuko da, udala, udalaz gaindiko eragile eta Beasaingo herritarren partaidetzarekin».
Prozesu horretatik Beasaingo Iraunkortasunerako II. Ekintza plana (2016-2030) osatuko dute, «Beasain iraunkorrago bat helburu izango duen plangintza dokumentua izango da, udalak, herriko eragileekin batera, urtez urte burutuz joango dena».
2006. urtetik lanean
Bigarren ekintza plana izango da aurtengoa. Beasainek 2004. urtean ekin zion Tokiko Agenda 21 prozesuari eta 2006an onartu zuen lehen ekintza plana. «Hasiera hartan, ordea, udalak ez zuen bakarrik aurrera egin. Lanketa horretan beste 17 udalerrirekin batera jardun zuen, Udaltalde 21 Goierri izeneko lantaldean».
2006tik gaurdaino, errealitatea asko aldatu da: «Planaren hainbat ekintza burutzen joan den arren, %65eko gauzatze maila lortu da, dagoeneko ez die egungo beharrei behar bezala erantzuten». Era horretan, bigarren ekintza planarekin, 2030 urtera arteko helburuak finkatu nahi ditu Beasaingo Udalak.