Txindokiko Kilometro Bertikala larunbatean da, Larraizko ermitatik hasita
Juan Mari Garinek 1993an jarritako marka ontzen duenak 2.000 euroko saria jasoko du. Abaltzisketako herritarrek hartu dute aurten proba antolatzeko ardura.
Onditz Iturbe, Maider Unanue eta Maite Zabaleta, iaz, Gaintzako bidegurutzetik gora abiatu berritan. Asier Zaldua Txindokiko Kilometro Bertikala jokatuko da larunbatean, 10:00etan hasita. Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Koparako eta Goierri Trail Koparako puntuagarria izango da. 230 korrikalari daude izena emanda.
Aurten antolatzaile berriak daude, eta ibilbidea aldatu dute. Gainera, 2026ko Txindokiko Kilometro Bertikalean aparteko erronka bat izango da: 33 minutu eta 34 segundoko denbora hobetzen duenari 2.000 euroko saria emango zaio. Denbora hori Juan Mari Garin zizurkildarrak egin zuen, 1993an. Ordutik, 33 urtetan zehar inork ez du marka hori gainditzea lortu.
Aitor Otamendik, lasterketaren antolatzaileak, korrikalari faboritoak aipatu ditu: «Oier Zubeldia –iaz bigarren egin zuen–, Aritz Unamuno, Leire Elola, Axier Artola, Garazi Abasolo, Xabier Yugueros eta Eider Zubeldia».
«Zortzi laguneko gazte talde polit bat gaude, mendian ibiltzea gustatzen zaigunak»
Aitor Otamendi. Txindoki KBren antolatzailea
Otamendik dio askok larunbateko lasterketa Zegama-Aizkorrirako entrenamendu gisa hartzen dutela, hurrengo igandean, maiatzaren 17an izango baita. Esan dituen korrikalari horiek mendi maratoian aterako direla adierazi du. Aste beteko tartea dago, «azkenean bertikalekoa 40-45 minutuko ariketa esplosibo bat da. Berez entrenamendu indartsu bat egiteko bezala ongi etortzen zaie».
Hotel Ordizian bi lagunentzako gau bat zozkatuko da sari banaketan, eta edonork parte hartu dezake. Parte-hartzeko Txindokiko Kilometro Bertikaleko instagram kontuan daude jarraibideak.
Aldaketa antolakuntzan
Antolakuntza talde berria du aurten Txindokiko Kilometro Bertikalak. Otamendik adierazi duenez, aurreko antolatzaileek, Janire Agirrek eta Igone Camposek, iaz erabaki zuten aurten ez antolatzea. Baina abaltzisketarrak «gogotsu» zeuden aurten ere lasterketa antolatzeko: «Zortzi laguneko gazte talde polit bat gaude, mendian ibiltzea gustatzen zaigunak». Aurreko antolatzaileek «utzitakoa» hartzea, eta horri «jarraipena» ematea errazagoa dela, hutsetik zerbait berria antolatzen hastea baino azpimarratu du Otamendik.
Lehen Gaintzako bidegurutzetik ateratzen ziren korrikalariak, baina antolatzaile berriek «alde txar bat» ikusten zioten neutralizatutako zatiari. Horregatik, Kilometro Bertikala proba, Larraizko ermitatik hastea erabaki dute.













