Indarkeria sexista lantzeko informazio saioa egin dute Ordizian
Jaietara begira Berdintasun Sailak tabernariekin solasaldia egin du indarkeria sexistaren aurka. Txosna gunean erasoen aurkako protokoloa jarriko dute martxan
Ordiziako Berdintasun Sailak jaietan indarkeria sexistari aurre egiteko antolatutako kanpainaren harira, tabernarientzako informazio-gogoeta saioa egin zen atzo D’elikatuz zentroan. Txosna Batzordeko kideek, Ordiziako bi tabernetako ordezkari banak, Farapiko kideek eta udaletxeko Berdintasun teknikariek parte hartu zuten saioan. Azpimarratzekoa da hasiera batean uste baino tabernari gutxiago agertu zirela bilerara.
Gipuzkoako beste herri batzuetan indarkeria matxistaren harira ostalaritzaren arloan abiatutako ekimenak izan dira hizpide batetik. Helburua, tabernetan eta txosnetan sexu eraso kasu bat gertatuz gero, kaltetuarekin eta oldartzailearekin egoki jokatzeko jarraibideak eskaintzea da. Horretarako, prozedura jakin bat landu dute Berdintasun Batzordeak eta Berdintasun Sailak, eta zenbait eragileren atxikimendua jaso du, hala nola, Txosnen Batzordeko talde morearena eta Goierriko Zubiarena.
Txosnetako protokoloa
Ordiziako Txosna Batzordeak aspalditik darama indarkeria sexistaren gaia lantzen. Hori dela eta, eraso baten aurrean nola jokatu jakiteko protokolo bat osatuta dute. Udalak berak, gainera, txosna gunea puntu estrategiko bezala markatu du, inguruan erasoren bat gertatuz gero. Han bertan, txosnetan, protokoloa bera karteletan idatzita jarriko dute indarkeria sexista kasu baten aurrean nola jokatu behar den jakiteko.
Eraso bat gertatzen bada honako jokaera izateko gomendatzen du protokoloak: Erasoren baten lekuko izanez gero, erasotzaileari gelditzeko esateko aholkatzen du. Gelditzen ez bada, erasoa gertatzen ari den tokitik botatzea gomendatzen du. Txosnetako barran aritzen diren boluntarioak ere laguntzeko daudela gogorarazten du protokoloak, eta hortaz, norbera ez bada gai ikusten aurre egiteko, barrakoei laguntza eskatu behar die.
Erasoa jasan duen pertsonarekin nola jokatu behar den argitzen du; nola dagoen eta zer gertatu den jakiteko berarekin hitz egitea gomendatzen du protokoloak, eta neurriren bat hartu nahi duen galdetzea ere aholkatzen du. Gainera, erasoa jasan duen pertsonari lasai egoteko moduko leku batera lagunduko diote, eta konfiantzazko norbait laguntzeko moduan duen galdetuko diote protokoloaren irizpideak jarraituz. Azkeneko puntuan, erasoa jasan duen pertsonak neurriren bat hartu nahi badu zein aukera dituen jakinaraziko zaio.













