Segura Irratiko ahotsik garrantzitsuenetako bat da Iñigo Arretxe esataria. Besteak beste, iaz arte Maria Jesus Telleriak burutzen zuen goizetako irratsaioaren gidaria da gaur egun

Segura Irratia entzuten dutenentzat jada ezaguna izango da Iñigo Arretxeren ahotsa (Tolosa, 1980). Izan ere, urteak daramatza irratian lanean. Iazko Eguberrietatik, gainera, goizeroko irratsaio nagusiaren gidaria da, Maria Jesus Telleria esatari beteranoaren lekua hartuta.
Ia urtebete daramazu Segura Irratian Maria Jesus Telleriak egiten zuen programa gidatzen, baina jada hainbat urte daramatzazu bertan lanean.
Bai, zehazki esateko 16 urte inguru daramatzat Segura Irratian. Nire lagun batekin batera asteburuetan kolaborazio txikiak egiten hasi nintzen; gerora, hortik larunbatero saio propio bat izatera pasa ginen.
Jada ondo ezagutzen dut Segura Irratia! Nire bigarren etxea dela ere esan dezaket.
Erronka handitzat hartu al zenuen Maria Jesusek urteetan zuzendu eta bideratutako programarekin jarraitzea?
Erronka polit gisa hartu nuen, gogo eta ilusio handiarekin. Erantzukizuna azkenean lanbide guztietan dago. Izan ere, Maria Jesusek urte asko eman ditu irratian eta bere estilo propioa zeukan. Nik ez dut bera ordezkatu. Bakoitzak lan egiteko bere modu propioa duenez, ni ere horretan saiatu naiz.
Entzuleek ziurrenik nabarituko zuten esatariaren aldaketa.
Zalantzarik gabe. Programa hartu berritan baneukan beldur pixka bat ea entzuleek ondo hartuko ote ninduten. Azken finean, Maria Jesus entzule askorentzat «etxekoa» izan da urte askoan. Egia da irratian urteak daramatzadanez jendeak jada nire ahotsa ezagutzen zuela, baina ez da gauza bera astean behin edo egunero programa bat egitea.
Normala den bezala, aitortu izan digute Maria Jesus faltan botatzen dutela. Esaten diguten guztia, dena den, mimoz eta kariñoz adierazten digute.
Urtebete igaro da aldaketa hori eman zenutenetik. Nola ikusten duzu zure burua?
Neukan esperientziagatik hasieratik eroso eta lasai sentitu naiz. Eta urtean zehar, entzuleak niganako konfiantza handitzen zihoala nabaritu dut. Hasieratik jaso ditut entzuleen babesa eta fideltasuna. Hori horrela, egunetik egunera gusturago eta erosoago sentitzen naiz. Nire ustez, goizeroko saioak izan duen trantsizioa ondo egin dugu, eta horren erakusgarri da entzuleek emandako erantzun ona.
Maria Jesus berarekin harremana izaten jarraitzen al duzu? Aholku edo gomendioak emango dizkizu…
Zalantzarik gabe. Asko zor diot Maria Jesusi, eta dakizkidan gauza asko berari esker ikasi ditut. Segura Irratia nire bigarren etxea den bezala, Maria Jesus nire bigarren ama da. Betidanik izan dugu oso erlazio zuzena, eta aholku onak emateaz gain beti egon izan da laguntzeko prest.
Oraindik ere harreman estua daukagu. Izan ere, sarritan etortzen zaigu estudiora bisitan, eta tarteka zerbait hartuaz lasai hitz egiteko ere gelditzen gara.
Nola definituko zenituzke Segura Irratiko entzuleak?
Oso leialak eta gertukoak dira. Entzule askok egunero deitu ohi digute eta zuzeneko tratua daukagu. Hori bereziki Kalejira irratsaioan antzematen da, gure programaziotik entzuleekin konexio edo tratu zuzenena dugun tartea delako eta, hain justu, beraien zuzeneko eskakizunak jasotzen ditugulako. Hala ere, orokorrean gure programazio osoa entzuleekiko zuzeneko harremanak osatzen du. Nik neuk, lotura hori goxo eta gertuko gisa definituko nuke.
Are gehiago, betiko entzuleez gain, jende berriarengana iristen ari garela ere jabetu gara. Adibidez, gure goizeroko lehiaketetan lehenago betiko entzuleek deitzen zuten beti, baina pixkanaka jende berriak ere parte hartzen duela ikusten ari gara.
Entzuleekin duzuen zuzeneko tratu horretan, izango dituzu gertaera edo anekdota jakinak kontatzeko…
Egia esan, entzuleekin daukagun lotura hori oso berezia da. Esate baterako, hainbatekin gelditu izan gara emisio orduetatik kanpo zerbait hartu eta hitz egiteko ere. Azken finean, Segura Irratia etxeko sukaldeko irratia da. Askok euren gertuko gauzatxoak kontatzeko deitzen digute.
Aurreko batean, entzule batek etxeko giltzak galdu zituela esanez deitu zigun, eta ea norbaitek emisoran utzi ote zituen jakin nahi zuen. Beste batek, berriz, txakurkumeak salgai zeuzkala eta ea guk hori irratiz esango ote genuen galdetu zigun. Guk gisa honetako abisuak gustura asko ematen ditugu.
Hortaz, irrati bidez ematen den komunikazioak lotura berezi bat duela esango zenuke?
Entzuleekin dugun harreman horrek lotura berezi bat sortzen du euren eta gure artean. Gertutasuna da irratiaren oinarria. Eta hori, beste hainbat komunikabideetan ez da nabaritzen. Guk daukagun plus hori aprobetxatzeko modukoa da.
Segura Irratia tokiko hedabide bat dugu. Nola ikusten dituzu gisa honetako hedabideak?
Aurten irratiak 60 urte bete ditu, beraz, Euskal Herriko hedabi-deen artean aitzindari nagusietako bat da. Gauzak asko aldatu dira Don Zesareo apaizak irratia sortu zuen garai haietatik!
Nire ustez, tokiko hedabideak oso garrantzitsuak dira bertako edo gertukoak diren berriak tratatu, eta jendearekin zuzeneko lotura edo konexioak egiteko.
Zer gehiago egin daitekeela uste duzu tokiko hedabideak garatzeko?
Nire ustez, gertuko beste hedabideekin hartuemanak sendotzea polita izan daiteke, guztion ar-tean sare moduko bat osatuz. Horri esker inguruko herrietako albiste, gertakizun edo ekimenei bultzada edo oihartzun handiagoa emango genieke. Izan ere, sarritan gauza asko esan nahi izaten ditugu, baina ez ditugu hedabide handiek dituzten baliabideak. Euskarri ezberdinetako tokiko hedabideok proiektu ezberdinak batera gauzatuko bagenitu, guztiontzat onuragarria izango litzatekeela uste dut.
Gehienbat irratiko programazioa euskaraz da, nahiz eta gaztelaniaz atal jakin batzuk egiten diren. Zu zeu nola sentitzen zara erosoen?
Guk batez ere euskaraz egiten dugu lan, eta ni ere hala erosoago sentitzen naiz. Goizeko saioa ia beti euskara hutsean egiten dugu. Batez ere arratsaldeko saioan tartekatzen dugu gaztelaniazko pasarteak, eta nik ere elkarrizketa jakin batzuk gaztelaniaz egiten ditut, hain justu, elkarrizketatua euskaraz hitz egiteko gai ez den kasuetan.
Irratiko lanaz gain, ba al duzu beste proiekturik esku artean?
Bai, duela urte batzuk itzulpengintza eta bikoizketako ikastaroak egin nituen, eta antzerki-tailer batzuetan ere banabil. Etorkizunean auskalo zertan amaituko dudan, baina gutxienez errekurtso ezberdinak ditut. Oraingoz, irratiko lana beste proiektu horiekin konbinatzen dut. Azken finean, gustatzen zaidana egiten dut, eta hori zorte handia da.