Baratze Parkearen araudi berriarekin lursailen % 65 sozialak izango dira
Estanda errekaren alboan eta Antzizar lantokiaren atzean 60 lursail egokituko dira. Azken udalbatzan EAJren eta PSE-EEren aldeko botoz onartu da; EH Bildu abstenitu egin da
Beasaingo Udaleko azkeneko osoko bilkurak otsailaren 23an egin zenak, baratze sozialak esleitzeko eta kudeatzeko araudiari hasierako onespena eman zion, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EH Bildu abstenitu egin zen.
Gudugarreta auzoaren pa-rean, Estanda errekaren alboan kokatuko dira baratzeak. Proiektu berriaren araudiak dioenez, Beasaingo Baratze Parkeko lursailak herritarren artean ingurumen heziketarako eta partaidetzarako balio batzuk sustatzea eta, aldi berean, bizimodu aktibo bat erraztea du helburu nagusia. Era berean, premian edo larritasunezko egoeran aurkitzen diren kolektiboek edo pertsonek beren kontsumo pertsonalerako erabiliko dituzten elikagaien laborantzarako eremua izango dela zehazten da.
60 lursail, % 65 sozialak
Ekogunea fundazioarekin gauzatuko da baratze parkeko lursailen erabilera; 30 m2-ko 60 lursail guztira. «Horietatik % 65 «behar egoera ekonomiko larrian daudenei eta elkarte sozialei zuzenduak izango dira; eta % 35, libreak. Kasu horretan, partzelako 10 euro ordaindu beharko dira hilean», zehaztu zuen Aitor Aldasoro alkateak.
Araudiaren arabera, «bara-tzeak lantzetik sortzen diren produktuak erabiltzaileak edo haren familia unitateak bakarrik kontsumitu ahal izango dituzte, eta ezingo dira erabili etekin ekonomikorik jasotzeko». Bestetik, ingurumen prebentzioaren printzipioari jarraituz, ezingo da «lurrari kalte larririk eragion diezaiokeen ongarririk edo produktu fitosanitariorik bota».
EH Bilduren abstentzioa
EH Bilduk abstenitu egin zen, beraiek aurreko legealdian Ittolan zuten baratzeen proiektua bertan behera utzi dutelako eta kokapen berriak izan duen prozedimenduagatik: «Komunikabideen bidez jakin genuen baratzeek kokapen berria izango zutela», salatu zuen EH Bilduko Aitor Larburuk osoko bilkuran. «Zer egin behar dute aurreko baratzeetan izena eman zutenekin?» galdetu zuen.
Alkatearen esanetan, aurreko Ittolako proiektuarekin alderatuz, «80 baratzeko 256.000 euroko aurrekontutik, 60 baratze eta 42.000 euroko aurekontu batera pasako da».












