Ormaiztegiko artisauek eta ekintzaileek azoka egingo dute igandean
Iaz egin zuten lehena eta giro ona sortu zenez, aurten jarraipena emango diote egitasmoari. Muxika egurastokian jarriko dituzte postuak. Bertakoen lanak erakusteko grina dauka azokak
Iaz lehendabiziko aldiz egin zuten Ormaiztegin Bertako Artisau eta Ekintzaileen Azoka. Zumalakarregi museoan industriari buruzko erakusketa bat jarri zuten eta garai bateko ekintzaileen berri ematen zuten; erakusketa haren harira, egungo ekintzaile eta artisauei azoka batean tokia egitea pentsatu zuten udalean eta lehenengo azoka antolatu zuten. Ane Aranburu kultur teknikariaren hitzetan, «emaitzari itxura ona hartu genion eta berriro egitea pentsatu genuen».
Azokaren helburuak bertakoek egiten dituzten lanak ezagutzera ematea, elkarren artean ezagutu daitezela eta herrian giroa sortzea dira.
Gure Magra Perez artisaua da, Ormaiztegin bizi da eta bere lanak erakutsi nahiz salduko ditu igandeko azokan. Iazkoan ere parte hartu zuen. «Nire ustez oso ideia ona da gure artean ezagutzeko aukera ematen digulako, baita lan berriak egiteko bultzada eman ere. Ni azken gau hauetan lo gutxi egiten ari naiz lanak amaitzeko».
Lierni Lapizonek lehenengo aldiz parte hartuko du azokan. Zeramikan lanean aritu den talde bateko partaidea da. Pott tailerreko Maite Salutregirekin ikasi dute eta egindako lanak azokara eramango dituzte. «Halako ekimenek herria suspertzeko balio dutela uste dut. Zertan ari garen erakusteko aukera ere ematen digu azokak. Akaso, jendea, egiten dugun hori ikusita, animatu egingo da». Zeramika taldekoek ez dituzte lanak salduko, erakutsi bai.
Magra Perez eta Lapizonekin batera azokan parte hartuko dute Belen Iza margolariak, Nerea Magallanes eta Marian Lavilla eskulangileek, Cristina eta Iñigo makrame artisau gazteek, Elvira eta Irati Auzmendi jostunek, Angel Elorza argazkilariak eta Juan Zufiria egur artisauak.
Muxika egurastokian egingo dute azoka, igande honetan, 11:00etatik 14:30era bitartean.
Ekain kulturalak ekintzaz josiko du Ormaiztegi
Igandeko azoka Ekain Kulturalaren baitan antolatu duten ekintzetako bat da. Izan ere, Ormaiztegin ekaina bete-beteta dator. Dokumentalak, musika, erakustaldiak, kirola, ardo dastaketak, erakusketak, tailerrak eta beste hainbat ekintza izango dira.
Gertukoena etzi emango duten Basker dokumentala da. Emanaldia 22:00etan izango da karpan. Etzidamu, larunba-tean, arku erakustaldia antolatu du Urmaiz abesbatzak, Muxika plazan izango da 19:00etan; pintxoak eta edariak salduko dituzte.












