Gabiria da Uema mankomunitatean sartu den Goierriko 12. herria
Gabiria eta Igorre Uema mankomunitateko kide dira ofizialki, larunbatean Zestoan egindako batzar orokorrean orain arte kide ziren 82 herriek onespena eman ondoren. Orain guztira 84 herrik osatuko dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, horietatik 12 dira Goierrikoak.
Gabiriak 487 biztanle ditu eta azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, %87,9 dira euskal hiztunak. Euskara lehen hizkuntza dutenen kopurua, berriz, %81 da gaur egun. 2001n, aldiz, %95 zen. Uemako kide izateko erabakiarekin, “Gabiriako Udalak euskara bultzatu” nahi duela azaldu du Iñigo Igartzabal zinegotziak. “Kanpotik bizitzera joandakoei hizkuntza ohitura hartzen lagundu nahi diegu, eta bertakoek utz ez dezaten lan egin”.
Uema mankomunitateak zabalpen handia izan du azken urteetan; agintaldi honen hasieran 72 udalerrik osatzen zuten, eta geroztik, beste hamabi herri sartu dira. Goierriri dagokionean, Legorreta, Ataun eta Gabiria sartu dira azken bi urteotan, eta Ezkio eta Itsaso banatu egin dira (Ezkio-Itsaso lehendik zen Uemako kide).
Egitasmo ugari esku artean
Zumaiako bainuetxean egin du asteburuan batzar orokorra Uemak, eta 84 herritako dozenaka hautetsi bildu dira bertan. Gabiria eta Igorre herriei onespena eta harrera egiteaz gain, beste hainbat egitasmo eta proiektu ere landu dituzte, euskara eta turismoa uztartzeko egitasmoa esate baterako. Euskararen erabilera planak eta Uemaren zerbitzu katalogoa berritu dituzte, eta “herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko tailer eta ekimen berriak” abiaraziko dituztela jakinarazi dute. Hezkuntza proiektuari dagokionez, euskararen arnasgunei eta hizkuntza ekologiari buruzko hezkuntza proiektua eskoletatik kanpo ere osatu nahi duen hezkunza ez-arauturako proposamena ere aurkeztu dute: urrian izango diren eta udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dituen topaketak.