Zaldibian aukeratu dituzte plazarako hiru proposamen
Ideia lehiaketako 22 lanetatik 'Bi zaldi', 'Laukituta' eta 'Zer berri?' doaz bigarren fasera. 330 herritarrek eman dute iritzia. Proiektuak sakontzeko garaia da orain
Zaldibiako udaletxea eraberritzeko eta plaza ingurua berrantolatzeko ideia lehiaketaren epaimahaiak hilaren 21ean aukeratu zituen, ofizialki, prozesuan aurrera jarraituko duten hiru proposamenak. Bi zaldi, Laukituta eta Zer berri? ideiak dira aukeratuak.
Hilaren 14tik 18ra erakusketan egon ziren hiru horiek, baita lehiaketara aurkeztutako gainotzeko lan guztiak ere, 22 guztira.
Orain, azaroaren 6ra arteko epea daukate hiru proposamenen egileek bigarren faserako eskatutako agiriak aurkezteko: aukeraren justifikazio memoria, hiri ingurunearen egokitzapen memoria, eta diseinu eta eraikitze deskribapenak. Planoak ere definitu beharko dituzte: plazaren antolamendua; udaletxearen fatxaden bistak eta sekzioak; eta solairu bakoitzaren oinak.
330 zaldibiarren iritziak
Erakusketa garaian, herritarrei iritzia eskatzeko ere baliatu zuen udalak, lehiaketaren deitzaileak. Guztira, bost egunetan 330 zaldibiarrek eman zituzten iritziak eta balorazioak. Horietatik 43, LH1 eta LH2ko eskola-umeenak ziren, eta emaitzak osatzeko 287 balorazio sartu dira.
Hiru ideia gustukoenak apartatu dituzte. Boto gehien Bi zaldi ideiak jaso zituen, 231 puntu.












