Jatorri desberdinetako familiak elkartu eta elkar ezagutzeko helburua du Bizilagunak egitasmoak. Parte hartzeko interesa duten Goierriko familiek izen-emate epea zabalik dute
Tokiko familia eta pertsonak atzerritik etorritakoekin bazkari batean bildu nahi dituen egitasmoa da Bizilagunak. Jatorri ezberdinetako familiak elkartu eta elkar ezagutzeko aukera ematen du. Gipuzkoako hainbat herritan jarri dute martxan egitasmo hori azken urteetan eta Goierrik ere bat egin du proiektuarekin, beste behin ere. Aurten, azaroaren 19an egingo dituzte familien arteko bazkariak.
Euskal Herrian, 2012tik, milaka lagunek parte hartu dute Bizilagunak proiektuan. Aurten ere, esperientzia hori bizi nahi dutenek, aukera izango dute; bertakoa edo kanpotik etorritakoa izanik. Familia, bikote, pisukide edo lagunekin bizi direnek parte har dezakete, baita herrian bizi den jende berria ezagutzeko gogoa duenak ere.
Azaroaren 19a
Datorren azaroaren 19an, bazkal orduan, bi familia, bata bertakoa eta bestea etorkina, elkartu egingo dira igandeko bazkaria partekatzeko. Euskal Herriko herri eta hiri ugaritako etxeetan gertatuko da topaketa hori, tartean Goierriko hainbat. Bazkari bakoitzean, bi bertako eta kanpoko familiez gain dinamizatzaile batek ere parte hartuko du, eta bazkaria antolatzen lagunduko die.
Egitasmo horren helburua, elikagaiak, ohiturak, bizipenak, kultura, hizkuntzak, esperientziak eta abar elkarbanatzea da eta, bide batez, bizilagun baina era berean ezezagun direnak ezagutzea.
Izen-ematea
Azaroaren 19an egingo den Bizilagunak egunean parte hartzeko gonbitea luzatu zaie herritarrei. Parte hartzeko interesa dutenek, bide desberdinak dituzte izena emateko; 943 32 18 11 edo 603 652 682 zenbakietara deituta, edota
aniztasunaoh@gmail.com epostara mezu bat idatzita. Informazio gehiago, Ordiziako aniztasun sailean eta Mugak zentroaren webgunean lor daiteke.
Kulturarteko topaketa asteak aurrera darrai
Ordizian egiten ari diren kulturarteko topaketaren barruan, ekintza ugari antolatu dituzte aste honetarako. Gaur, Ekuatore Gineako ipuinak eta jokoak izango dira D’Elikatuz zentroan, 17:15etik aurrera.
Bihar, osteguna, eskolei zuzendutako txotxongilo ikuskizuna egingo dute herri antzokian, 09:30ean. Arratsaldean, berriz, munduko sukaldaritza ikastaroa antolatu dute D’Elikatuz zentroan, 18:30ean. Izena emateko, deitu 943 88 22 90 telefonora.