Laubide Jatetxea eskubaloi taldea igoera fasetik kanpo geratu da
La Salle klubak zoriondu egin ditu jokalariak "honaino iristeagatik", eta eskerrak eman dizkie larunbatean jokatutako partidara animatzera joan zirenei eta astebururo gerturatzen direnei.
Atsekabe handiarekin, Legazpiko Laubide Jatetxea senior mutilen eskubaloi taldeak agur esan zion joan den larunbatean Lehen maila Nazionalera igotzeko fasea jokatzeko aukerari. Bikuña kiroldegian harmailak jarraitzailez beteta zirela Loiuko (Bizkaia) Urdaneta taldearen aurka jokatu zuten partida 24-25 emaitzarekin galdu egin zuten legazpiarrek.
Partida oso berdinduta egon zen arren, Legazpikoek ezin izan zuten garaipena lortu. Hala ere, La Salle klubeko ordezkariek azaldu dutenez, “oso harro gaude honaino iristea lortu duzuelako. Zorionak mutilak!”. Urdaneta taldea ere zoriondu dute “egindako denboraldiagatik eta lortutako garaipenagatik”.
Gainera, eskerrak eman dizkiete “larunbateko partidara eta astebururo gerturatu eta animatu” duten guztiei; “zuen babesa ezinbestekoa izan da”. Trapalata txaranga ere aipatu dute, larunbatean Bikuñako “giroa alaitzeagatik”.
Play-offeko emaitzak
Senior mutilen Lehen Maila Nazionalerako igoera fasera jokatzeko play-offak Legazpin jokatu ziren asteburuan, eta Laubide Jatetxeak Urdanetaren aurka galdutako partidez gain, beste bi ere jokatu ziren.
Hala, larunbatean Alcorta Forging Group eta Petronor Muskiz Eskubaloia ere elkarren kontra neurtu ziren, emaitza 21-18 izanik.
Horrela, igandeko finalean Urdaneta eta Alcorta Forging Group aritu ziren norgehiagoka, eta Urdanetan irabazi zuen 22-20.














