Aspanogi elkartearentzat dirua biltzea da helburua. Usurbe Antzokian da 19:00etan, eta sarrerak salgai daude. Aurretik haurren marrazki lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo da

Aspanogirentzat izango da bildutako dirua.
Minbizia duten haurren familien Gipuzkoako elkartea da Aspanogi, 1996an sortua, haurren eta familien bizitza kalitatea hobetzeko helburuarekin. Elkartearentzako eta minbiziaren ikerketarako dirua biltzeko helburuarekin, ostiralean, 19:00etan, Aspanogi gala antolatu du minbizia duen Ordiziako Sara haurraren aitak, Paulo Cerqueirak. Elkartasunezko magiak, umoreak eta musikak bat egingo du 75 minutuko saioan, Kike Bigurik aurkeztuta eta koordinatuta.
Eremu desberdinetako hainbat artista izango dira: Antonio Andevalo magoa, Aitor Furundarena soinu-jotzailea eta Iban Nikolai didgeridoo jotzailea, Saioa Aizpuru ipuin kontalaria, Ion Txiki komikoa eta Kike Biguri bakarlaria. Ikuskizunerako sarrerei dagokionean, 10 urtetik beherakoek 4 euro ordaindu beharko dituzte eta gainerakoek, 10 euro.
Marrazki lehiaketa
Goierriko ikastetxeetako ikasleen artean marrazki lehiaketa ere antolatu dute, eta ostiralean jasotzen dituen marrazki bakoitzeko euro bat jasoko du Aspanogi elkarteak. Gala hasi aurretik, egingo dute sari banaketa. Eguraldi ona eginez gero, Bideluze plazan marrazkien erakusketa jarriko dute. Datorren urteari begira, familiei zuzendutako lasterketa antolatzeko asmoa dute.