Urretxuko limousinen xarma
Donardegi baserriko limousineak modeloen pare ibiltzen dira Euskal Herriko zein gure mugetatik kanpoko lehiaketetan. Makina bat sari irabazitakoak dira, eta ondorioz, ospe ...
Donardegi baserriko limousineak modeloen pare ibiltzen dira Euskal Herriko zein gure mugetatik kanpoko lehiaketetan. Makina bat sari irabazitakoak dira, eta ondorioz, ospe handia lortu dute joaten diren leku guztietan. Urteetako lanaren ondorioa dela dio Donardegi baserriko Mikel Elgarrestak.
Sariei dagokienean, 2017a «urte borobila» izan dela dio. Parte hartu duten lehiaketa guztietan irabazi dute sariren bat. Adibidez, «Euskadiko behi txapelduna izan da Fina», dio Elgarrestak, harro. Burdeosen (Frantzia) egiten den txapelketan ere bigarren saria eskuratu dute. Garrantzitsua da sari hau Elgarrestarentzat, «herrialde horretako ganadutegi onenekin» lehiatu baitira. Gipuzkoako eta Espainiako txapelketetan ere izan dira Donardegiko buruak. Gipuzkoakoan «zortzi ataletatik bostetan» lehenengo saria eskuratu dute. Eta Espainiakotik hirugarren sari batekin itzuli ziren etxera.
Lehenengo limousineak
Orain 35 urte ekarri zituzten lehendabiziko limousineak Donardegi baserrira. Garai hartan ez zen ohikoena, baserri guztietan bertako arrazako behiak izatea baitzen normalena: «Betizuak, pirenaikak eta esnetarako behiak». Limousinea haragitarako arraza paregabea dela dio Elgarrestak, «genetikoki gantz infiltratu maila oso handia dauka, eta ondorioz oso xamurra da jateko». Limousinek badituzte beste zenbait berezitasun ere, «erditze oso errazak dituzte, eta pisu asko hartzeko gaitasuna dute», dio Elgarrestak.
Donardegiko limousineak ezagunak dira Euskal Herrian, eta baita gure mugetatik kanpo ere. Lehiaketatan parte har-tzeak «ezagutzera emateko» aukera ematen duela dio Elgarrestak, baita sariei esker prestigioa irabaztekoa ere. Lehiaketa morfologikoak dira, zenbait parametroz baliatuta, arrazaren ezaugarriak baloratzea helburu dutenak. Limousinen kasuan, «tamaina, proportzioa, kaparen kolorea, begi bueltak eta sudur-mintzak zuriak izatea baloratzen da», besteak beste.
Zainketa berezia
Askok uste dezaketenaren kontra, lehiaketetan parte hartzeak lan asko eskatzen du. Denboraldia maiatzetik azarora bitartean luzatzen da, baina etxean urte guztiko lana suposatzen du. «Lehiaketara aurkeztuko diren buruak aukeratu behar dira lehenengo». Elikadura eta zainketa bereziak ere behar izaten dituzte. «Lehiaketen aurretik irudia zaindu behar da, orraztu egiten ditugu, ilea gorantza kardatuz. Argizari bereziak erabiltzen ditugu horretarako», dio Elgarrestak.
Donardegiko behiek badute xarma nonbait. Joaten diren lekura joaten direla, norbait liluratzen dute behintzat.