Baserritarrak jaietako arropekin gaur
Nekazarien eguna ari dira ospatzen Goierrin, San Isidro. Goizean, Ataunen feria egin dute. Aurten San Martin auzoan egokitu da txanda, eta elizako kalostrapean atondu dute azokatxoa. Lau baserritako mahaiak barazkiz eta eltzekariz beteta dotore aurkeztu dituzte: Espilla (Pili Eskisabel), Barandiaran (Aitor Roman) eta Txulo (Jose Manuel Begiristain) baserrietakoak, eta kaleko baratze batekoa (Martin). Herrian bizi diren hiru artisauk ere salpostuak jarri dituzte.
Herritar ugari inguratu da azokara. Beasainen lan egiten dutenak, edo lan-erreleboa arratsaldez daukatenak. Baita Barandiaran herri ikastetxeko haurrak ere, txandaka. Ataunen egindako zazpi gazta klase jarri dituzte probatzeko: Jose Inazio Arratibel, Mikel Begiristain, Aitor Tato, Joan Mari ‘Errezil’, Troskaeta, Ixidro Sukia (Lazkaon bizi bada ere, Ataunen jaioa da) eta Julen Herguedas. Edariarekin lagunduta, aise banatu dituzte herriko bi aguazilek.
Aurten lehiaketarik ez dute egin, ez gaztarenik, ez barazki edo zizenik. Udaberriko ziza saskikada bat ere bazegoen.
Arruazuko (Nafarroa) Aritz Ganboa de Miguel artzainak eta EHNEko kideak hitzaldia ere egin du, mikroa hartuta, azokaren erdian zutik. 400 ardi dituzte, eta lurraren lanketan oinarritzen dute abeltzaintzaren kudeaketa. “Gure paisaia eta ekosistema berezia horren bidez dugu. Eta horrek elikatu gaitu, kultura oso bat eraiki dugu, milaka urtean”.
Ekologikoen etiketaz ere aritu da: “Lehen denak ziren ekologikoak. Orain, desberdintzen baldin bada, horretara bultzatu gaituztelako da, beste ekoizpen eredu baterantz behartu gaituztelako. Horrek guregan ondorioak ditu: izan ginena ekologikoan izan ginen, eta gaur egun garena izateko aukera eman zigun. Ondare bat ere utzi du: gaur egun lan egin ahal izatea. Gaurko ereduak, aldiz, zalantzak sortzen ditu etorkizunerako, ea abeltzain, artzain edo nekazari izan gaitezkeen”.
Ekoizpen ez-ekologikoa bultzatu denez, “desikasi” eta “atzera egin” beharra dagoela argitu du Ganboak. “Ibilbide hori bakarrik egiteko gaitasunik ez dugu baserritarrok”. Nekazaritza Ardura Partekatua kontzeptua aldarrikatu du: gizartea (“lehen sektorean gabiltzanak”), instituzioak eta enpresa pribatuak bat eginda.
Gabirian idi dema
Gabirian, bi tokitan ospatu dute nekazariek euren festa. Batetik, 12:30ean Korta jatetxean idi proba jokatu da. Errezilgo Letea baserriko Uzkudun anaien idi parea eta Kortako Jose Inazio Soraluzerena aritu dira, 1.000 kiloko harriari tiraka, 20na minutuan. Letekoek 57 plaza osatu dituzte, eta Kortarenek 41. Berrogei-bat lagun joan dira dema ikustera. 300 euro zeuden jokoan.
Bestetik, baserritarren anaidiak Ostatuan egin du bazkaria. Goierriko herri askotan ere bazkariak, afariak eta festa izango dira gaur: Zaldibian, Gaintzan, Seguran, Mutiloan, Zerainen eta Lazkaon.