Baserriak kaletarrei zabalduta
Bosgarren urtez antolatu du Enba sindikatuak Ongi etorri baserrira! egitasmoa, baserriaren eta kalearen arteko zubigintza lanari jarraipena emanez. Uztailaren 6an eta 7an Gipuzkoako ...
Bosgarren urtez antolatu du Enba sindikatuak Ongi etorri baserrira! egitasmoa, baserriaren eta kalearen arteko zubigintza lanari jarraipena emanez. Uztailaren 6an eta 7an Gipuzkoako –gehienak– eta Bizkaiko 30 baserri eta ustiategi inguru bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da. Goierrin hiru bisitaldi egingo dira, hirurak San Fermin egunez: Joseba Insausti Aralarko Esnaurretan duen txabolara, Urretxu Aikur baserriko erlezaintza ezagutzera, eta Zeraingo Olabide artegia eta Idiazabalgo Ondramuño gaztategia ezagutzera bisita bakarrean –azken hori beteta dago dagoeneko–.
Antolatu diren bisitaldietarako ia 500 lagunek eman dute izena –bederatzitan ez dago lekurik jada–, baina hilaren 30a arteko epea dago oraindik apuntatzeko –720 laguneko kupoa osatu arte–. Xabier Iraola egitasmoaren sustatzailea gustura dago ekimena izaten ari den harrerarekin, baina datu bati aipamen berezia egin dio, bisitarien jatorriari. Haren esanetan, hirietako eta herri jendetsuetakoak dira batez ere izena ematen dutenak, eta harrituta dago barnealdeko bailara eta herrietatik –Goierri, kasurako– zer jende gutxi apuntatzen den. Gaurko baserri eta esplotazioak ikusterakoan, batek baino gehiagok ezustekoa hartuko luketela dio, eta goierritarrei parte hartzeko deia egin die. www.ongietorribaserrira.eus webgunean aurki daiteke informazio eguneratua. Bisitaldi guztiak doan dira.
Bi eratako artzaintza
Eskaria datorren tokitik datorrela, Joseba Insausti beti dago prest bisitariei Aralarko mendiko artzaintza ezagutzera emateko. Hirugarren urtez parte hartuko du egitasmo honetan: «Gizartean badago baserriaren irudi bukoliko bat, baina benetako errealitatea gertutik ezagutzea ondo dago». Ordiziar artzaina Aralarrek eta gizakiak mendez mende izaten duten harremanaren berri ematen ohi du 3-4 orduko saioan. Oiduegiko saroia ezaguna erakusten die lehendabizi, segidan Jentilarri trikuharria, eta handik behera Esnaurretara txabolara jaisten dira. Gazta janez eta sagardoa edanez, hitz aspertuan aritzen dira. «Mendiko larreak nola antolatuta dauden ere esplikatzen diet».
Zeraingo Olabide artegira eta Idiazabalgo Ondramuño gaztategira joateko bisita itxita dago. Iaz parte hartu zuten aurrenekoz, eta Olatz Aranburuk gogoratu duenez, iaz Zeraingo Oiharten bukatu zen, eta aurten Ondramuñon amaituko dute, gazta dastatuz eta gazta egiteko prozesua erakutsiz.
Aikur lehen aldiz
Urretxuko Aikur baserriak aurrenekoz irekiko ditu ateak proiektu honen harira. Bisitariek museoa ere ikusi ahal izango dute, baina ekoizpenean zentratuko dute gehiago saioa: erleen zaintza, ezti ekologikoa eta propolioa.