Gernika eta Biarritz hartuko ditu Ampo Ordiziak etxean
Bihar, larunbata, aurredenboraldiko lehen partidak jokatuko dituzte Altamiran. Erbina ahizpak eta Enara Katxo Espainiako selekzioarekin daude ErrusianAmpo Ordiziak Santboiana talde kataluniarraren aurka jokatuko du 2018-19 denboraldiko lehen partida ir...
Bihar, larunbata, aurredenboraldiko lehen partidak jokatuko dituzte Altamiran. Erbina ahizpak eta Enara Katxo Espainiako selekzioarekin daude Errusian
Ampo Ordiziak Santboiana talde kataluniarraren aurka jokatuko du 2018-19 denboraldiko lehen partida irailaren 16an, Altamiran. Bi asteren bueltan duten partida garrantzitsuari behar bezala aurre egiteko lanean hasiak dira abuztuaren erdialdetik eta bihar, etxean jokatuko dute Biarritz eta Gernikaren aurka. Bestalde, iazko dinamikarekin jarraituta, ligako lehen itzuliak erabakiko du nork jokatuko duen Errege Kopa. Ampo Ordizia laugarren multzoan da Independiente eta El Salvador taldeekin batera. Multzoko lehendabizikoak jokatuko du Errege Kopa.Heineken Liga hastear da eta indartsu hasi nahi dute ordiziarrek. Entrenamenduetako lehen egunak gimnasioan pasa zituzten Garmendia eta Marotiasen mutilek, eta berdegunean lehen lan saioa astebetera egin zuten. Helburua argia da: Santboiana taldearen aurkako partidara ahalik eta sasoikoen heltzea denboraldia ongi hasteko.
Ligako lehen partida irailaren 16an jokatuko badute ere, bihar, larunbata, etxean jokatuko duten aurredenboraldiko lehenaa dute. Gernika eta Biarritz Olympique Ordizian izango dira eta hiru taldeen arteko triangularra jokatuko dute. Horrela, zelaian lehen sentsazioak neurtzeko aukera polita izango dute.
Bizkaitarrek lagun arteko partida bat jokatu dute dagoeneko. Aurreko astean Santanderren izan ziren eta erraz irabazi zioten Bathcori. Aurreko lerroan baja garrantzitsuak izan badituzte ere, taldea osatzeko ahalegin ona egin dutela esan daiteke.
Bestalde, lapurtarrek datorren astean ekingo diote ligari eta aurredenboraldia indarrean amaitu nahiko dute. Izan ere, goi mailara igo nahi duten jokalari gazteentzat Altamiran jokatuko duten bezalako partidak, euren balioa erakusteko aukera ona dira. Beraz, goi mailan tokia egiteko lanera etorriko dira Miarritzekoak.
Fitxaje berriak
Goierriko zaleek taldera iritsi diren hainbat jokalari ikusteko aukera izango dute. Horien artean, bueltan diren aski ezagunak diren batzuk: Ekaitz Sadaba eta Asier Arretxea aurrelariak eta Phil Huxford hiru laurdeneko lerroan.
Fitxaje berriei dagokienez, bi dira. Alde batetik, Joubert Engelbrecht hegoafrikarra. Zelai erdian jokatzen du, 29 urte ditu, 190 zentimetro eta 97 kilo. Gri-ffons taldean jokatu zuen pasa den denboraldian, Currie Cup txapelketan. Zortzi denboraldi jokatu ditu Hego Afrikako mailarik gorenean; bestetik, Kawa Leauma zeelandaberritarra. Bigarren lerroan jokatzen du, 28 urte ditu. 197 zentimetroko garaiera eta 110 kiloko pisua. Jokalari handia izan arren, bizia da. Australiako NRC ligatik dator, zehazki, Sydney Rays taldetik.
Valentin Cruzek taldean jarraituko du beste urtebetez. Ligako puntuatzaile onena izan zen joan den denboraldian, eta aurten ere erabakigarria izango da bere jarduna Ampo Ordiziarentzat. Aldiz, Jeronimo Albertariok eta Coert Cronjek taldea utzi dute.
Bazkidetza kanpaina
Ordizia Rugby Elkarteak 2018/19 denboraldiko bazkidetza kanpainari ekin dio. Klubak azaldu duenez, «bazkide egiteko edo bazkidetza berritzeko erak ez dira aldatu».
Bazkidetza soila egin nahi dutenek, urteko 20 euroko kuota ordaindu beharko dute; trukean, deskontuak eta zozketetan parte hartzeko aukera izango dute bazkideek. Ikasle nahiz langabetuek, bazkidetza berezia izango dute, eta sarrerak ere jasoko dituzte 20 euroko bazkidetzaren trukean.
Ohiko abonua, berriz, 90 eurokoa izango da; jubilatuena, 50 eurokoa. Biek ere, zozketetan nahiz deskontuetan parte hartu ahal izango dute.
Bazkidetza online egiteko aukera dago, Ordizia Rugby Elkartearen webgunean sartu eta ‘bazkideak’ atalean klikatuta. Klubeko ordezkariekin ere harremanetan jar daiteke, Ohorezko Mailako taldeak Altamiran jokatzen duen egunetan, bazkidetzak egiteko jarriko duten mahaian.
Dagoeneko bazkideak diren eta ordainketa helbideratuta dutenei, datozen egunetan aktibatuko zaie txartela, automatikoki. Ordainketa helbideratu nahi dutenek, bazkide zenbakia eta kontu korrontearena bidali ditzakete info@ordiziarugby.eus helbidera.
Goierriko neskak Europara
Nesken errugbiari dagokionez, Lide eta Amaia Erbina ahizpak eta Enara Katxo Espainiako rugby zazpi selekzioarekin Kazanen (Errusia) daude dagoeneko. Bertan jokatuko da Europako Txapelketako azken txanpa.
Larunbatean, Belgika, Frantzia eta Alemaniaren aurka jokatuko dute.