Aitor Aldasoro: «Euskaldunona da euskara ez galtzeko erantzukizuna»
Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea izateaz gain, Eudeleko hizkuntza politikarako arduraduna ere bada. Barru-barrutik bizi du bihar hasiko den Euskaraldia ariketa soziala.Bihar hasiko da Euskaraldia. Orain artekoaz zein balorazio egiten duzu?Beasaingo Uda...
Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea izateaz gain, Eudeleko hizkuntza politikarako arduraduna ere bada. Barru-barrutik bizi du bihar hasiko den Euskaraldia ariketa soziala.
Bihar hasiko da Euskaraldia. Orain artekoaz zein balorazio egiten duzu?
Beasaingo Udalean ia 2017an hasi ginen gaur egungo Euskaraldiaren formatua lantzen, jakitun baikinen erabileran eman beharreko pausoak gizarte mobilizazio handia eskatzen zuela. Hor sortu genuen Txuku-mutxu euskararen trena, abiadura eman nahi genion euskararen trena. Beasaingo Euskaraldia sustatzen eta egitaraua antolatzen ari den herritarren talde eragileari nire esker ona adierazi nahi diot. Beraien lana eta inplikazioa aitortu, txalotu eta azpimarratzekoa da.
Zein garrantzia dauka Euskaraldiak?
Euskaraldiak berak bainoago, atzean dagoenak du garrantzia. Ohitura aldaketak eragin nahi ditugu, euskaldunak ez ezik, euskaraz ulertu eta hitz egiteko gai ez direnak dantzan jarri nahi ditugu. Borondate berrien bila dator Euskaraldia.
Zein emaitza lortzea gustatuko litzaizuke?
Euskaldunok asegaitzak gara horretan. Oraindik ere izugarrizko poza ematen dit euren artean erdara hutsean bizi diren euskaradun gazteak, haurrekin entrenamenduetan adibidez, euskara hutsean ari direla entzuteak.
Beasainen 1.700 lagunek eman dute izena dagoeneko.
Urtebeteko eskarmentuarekin «harrapatu» du talde eragilea Euskaraldiak. Ikuskizun dago zer nolako erabilera-olatu bihurtzen den zenbaki hori gurean. Zenbaki polita da oso, ea ohituretan astindua emateko gai den eta batik bat, euskaraz bizi ez diren haiek euskaraz pixka bat gehiago bizi izaten hasteko balio duen. Guk, euskaldun zaharrok, izena eman eta euskaraz baino ez hitz egitea ondo dago, baina horrek ez du gure hizkuntzaren birika hauspotuko. Hiztun berriak behar ditugu!
Euskara dakitenen kopurua eta kaleko erabilerako datuak ez datoz bat.
Ezagutza eta erabileraren artean tarterik ez balego, Euskaraldiak ez luke duen oihartzunik izango gurean, zalantzarik ez izan, baina orduan ez genuke Euskaraldiaren beharrik izango. Arrakala txikiagotu behar dugu, euskal hitzez bete. Tokian tokiko irakurketa egin behar zaio Euskaraldiari. Bilbo batean Belarriprestak duen garrantzia, ez du Beasainen izango. Belarriprestak Beasainen, ordea, lehen euskaraz jakin arren, hitz egiten ez duena euskarara ekar lezake. Hor dago gakoa. Euskaraz dakienak euskaraz hitz egitea, baita Belarripresten eskutik ere. Euskaldunek beren sarea zabaltzea lortu behar da, horregatik Ahobizien egitekoa Belarriprestei laguntzea ere bada.
Nola aldatu herritarren jarrera edo txipa?
Txipa, txapa erabiliaz aldarazi nahi da. Nekeza egiten zaio euskaldun askori, euskaraz txukun egiten ez duenari euskaraz hitz egitea. Borondate hori azaleratzea da, txapa jarriz, txipa aldatzea. Nik, euskaraz hitz egin ez arren ulertzeko gai banaiz, hitz egidazu euskaraz. Belarriprestak du giltza. Parte hartzaile bakoitzak paparrean eramango duen txapa edo orratz baten bidez ikusarazi nahi da borondate hori.
Lehenagotik ere, Lasarte-Orian urteak daramatzate Belarriprestak eta Ahobiziak sortzen, Ttakun elkartearen eskutik. Horrexegatik jo genuen Ttakun elkartera 2016an, 2017tik Beasainen egitasmoa pixkana martxan jartzeko eskatuz.
Erakundeek eta eragile sozialek bat egin dute.
Eta hori da dudarik gabe arrakastaren oinarria. Zeharkako politiketan, egin beharrekoa edozein dela ere, baldin eta nazio ikuspegia eman nahi bazaio, euskara kasu, ezinbestekoa da elkarlana. Ezer gutxi egin liteke erakundeetatik eragile sozialik gabe.
Euskal Herri osoa hartuko du gainera Euskaraldiak.
Euskararen herria astindu nahi da, ondo diozun bezala. Euskarak guztiok behar gaitu, bizirik iraun nahi badu. Ezagutzan azken hamarkadetan egindako lana oinarri sendoa da horrelako zerbait zazpi herrialdetan martxan jartzeko. Lanestosatik Tutera eta Bardozeraino, mutur guztiak lotu nahi ditu Euskaraldiak.
11 eguneko ariketa soziala, urteko gainerako egunetara zabaltzeko zein neurri hartu beharko lukete erakundeek eta norbanakoek?
Garrantzitsua da hori, ez da kanpaina bat. Erabili egin behar da eta hori ez da esanda lortuko, eginda baizik. Inertziak apurtzeko ohitura aldaketak beti dira zailak eta guztion parte hartzea ezinbestekoa da. Hasi egingo gara. Ikusarazi behar dugu egin daitekeela, aberastuko gaituela norbanako bezala, herri bezala, gure nortasunari ari baikatzaizkio hautsa kentzen. Eman ditzagun pausoak, sinets dezagun, ekar dezagun gizartea euskarara, merezi du eta.
Euskararen alorrean, zerk ematen dizu minik handiena?
Jendeak garrantzirik ez ematea. Ez ohartzea gure izatearen bereizgarrietako bat dela. Gutxienez 6.000 urte dituen hizkuntzarekin axolagabekeriaz jokatzen dela ikusteak. Mundu guztiko hizkuntzalarientzat altxorra den horri, batzuk baliorik ez diotela ematen ikusteak. Euskara ez galtzeko erantzukizuna euskaldunona dela, ez dezagula pentsa kanpotik inor etorriko denik euskara betiereko bizian iraunaraztera. Euskaraz esan ohi da harri ibiliak, goroldiorik ez. Ez utzi gure euskara ibiliari, goroldiorik lotzen.
Eta pozik handiena?
Oraindik ere aurrekoarekin haserretzen den jendea badela ikusteak. Horrez gain, gure neurrian, udaletik ari gerala ikusteak: euskarazko lehen kalkulagailua sortzen parte hartu genuen Casiorekin batera, hizkuntza errefortzua programak indarrez jarraitzen du, kirol taldeen eskutik gazteak euskarara erakartzen ari gara, hizkuntza paisaia euskalduntzen jarraitzen dugu, Garabiderekin dugun elkarlana…













