IX. Segura-Zerain mendi lasterketan 280 korrikalarik hartuko dute parte
Igande goizean jokatuko da iazko formatuari eutsiz. Lasterketa luzea eta motza izango dira aukeran, ohi bezala.
Korrikalariak Zeraingo herrigunean, artxiboko irudian. Bikego photo Datorren igandean, maiatzak 3, jokatuko da 9. Segura-Zerain mendi lasterketa eta antolatzaileak eguraldiari begira dauden arren, gainontzeko guztia dagoeneko prest dute. Iaz bezala, aurten ere igande goizean izango dira lasterketak. Larunbat arratsaldetik igande goizera aldatu zuten lasterketa iaz eta «balorazio positiboa» egin ostean, aurten bere horretan mantendu dute formatua.
Ohi bezala, bi lasterketa izango dira aukeran: Trail edo luzea (25 km) eta Sprint edo motza (14,5km). Lasterketa luzeari 09:30ean emango diote hasiera eta ordu erdi beranduago aterako dira lasterketa motzeko korrikalariak. Ibilbidea iazko bera izango dela aurreratu du Jon Iñaki Izagirre antolatzaileak.
Parte hartzeari dagokionean –astelehenean itxi zen izen ematea–, 280 lagunek eman dute izena bi probetarako: «Iaz baino pittin bat gutxixeago». Arrazoiak ez dituzte garbi baina, besteren artean, Maiatzaren Leheneko zubiak eragina izango duelakoan daude. Datuei begiratuta, %20 emakumezkoak dira eta gehienak, goierritarrak edo gipuzkoarrak, %75.
Dortsal banaketa
Dortsalen banaketa larunbat arratsaldean (18:30-20:00) eta igande goizean (08:00-09:30) egingo dute. Antolatzaileek, «ahal den neurrian» dortsalak larunbatean hartzeko deia luzatu diete Segurako eta inguruko herrietako korrikalariei, «antolakuntza lanak errazteko». Aurten ere, korrikalarientzako «poltsa polit» bat osatzen saiatu direla esan du Izagirrek.
Ahal dela dortsalak larunbatean jasotzeko deia egin du antolakuntzak
Iaz bezala, aurten ere Segura, Zerain eta Mutiloako kintada jendetsuenari ere saria emango diote. Kintada jendetsuenak afari bat irabaziko du antolakuntzarekin. Eta iaz lehenengoz egin zuten gazteen sariak ere jarraipena izango du aurten: «15 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Lasterketa motza bakarrik egin dezakete, heldu baten baimenarekin». Guztira 31 sari banatuko dituzte, Seguran bizi den Daniel Bonikowskyren Made in Segura zigilupean egindakoak.
Segura-Zerain mendi lasterketa Goierriko Koparako puntuagarria izango da aurten ere; «konfirmatu digute Gabiriako Leharrei mendi lasterketan atera ziren lau liderrak Seguran izango direla maiatzaren 3an». Horren harira, Goierriko Kopa osatzen duten beste lasterketak bezala, Segura-Zerainen izen ematen duen korrikalari bakoitzeko euro 1 emango dio antolakuntzak Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako elkarteari.













