Legazpin erabaki dira pilota egokituko txapelketarako finalistak
Binakako faseko finalak maiatzaren 16an jokatuko dira, Amasan.
Legazpin erabaki da asteburuan Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako 16. Txapelketako binakako faseko finalistak nortzuk izango diren. Urbeltz pilotalekuan Mindara, Zarautz Kirol Elkartea, Zumaia Pilota Elkartea eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko 25 pilotari hartu zituen larunbat goizean, txapelketako azken jardunalda jokatzeko.
Emaitzen ondoren, maiatzaren 16an Amasan jokatuko diren finalak zehaztuta geratu dira. Multzo gorrian, Josu Eskisabel eta Leire Esnal bikotea Alvaro Valor eta Hodei Asteasuren aurka arituko da. Multzo urdinean, Xabat Askasibar eta Eneko Sagarmendi Mikel Vega eta Erik Dima Gatonen aurka lehiatuko dira.
Final jardunaldian, gainera, gurpildun aulkiko pala gomazko modalitateko finala ere jokatuko da, Kemen klubeko pilotariekin.













