Marcelo Lasa sorterriko habian da
1936ko abuztuan, gerra betean, gorroto ideologikoagatik hil zuten Marcelo Lasa olaberritarra 'etxean' da berriro. Hurrengo belaunaldikoek jaso dituzte haren gorpuzkiak, ekitaldi ofizialean.
Laurogeita hiru urte eta familiaren ahalegin etengabekoa behar izan dira Marcelo Lasa Zeberioren gorpuzkiak atzera Olaberrian lur eta atseden har dezaten. Bengoetxegarakoa baserriko semea, 1936ko abuztuan tiroz hil zuten bi ezagunek, Lizarrustin, 17 urteko zela, eta abertzalea izateagatik. Igandean, ikurrinan bildutako kutxa txiki batean, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren ordezkari banak familiartekoei itzuli zien.
Sinbologia handiko ekitaldia izan zen, herenegun eguerdikoa. Batetik, ofizialtasun erabatekoan egin delako gorpuzkiak entregatzeko ekitaldia: udaletxeko batzar aretoan —jendez beteta aurretik atzeraino—, eta Hego Euskal Herriko bi erakunde gorenen babesarekin. Jonan Fernandez eta Alvaro Baraibar izan ziren bi gobernuen ordezkariak, Olaberriko alkate Jokin Garmendiak irekitako ekitaldian.
Odisea luzea, 3 urteko lana
Arantzadi elkarteak gainbegiratu du Lasaren gorpuzkiak aurkitzeko eta ateratzeko prozesua, oroimen historikoa berreskuratzeko horren beharrezko den egia eraikitzeko langintzaren barruan. Baina benetako bultzatzailea Lasa Zeberioren sendia izan da. 2016ko otsailean jo zuten zientzia elkartekoengana Miren eta Joxe Angel Munduatek. Jesus Estensoro herrikideak eskura ipinitako liburu bateko aztarna izan zen «gu piztu gintuen azken txinparta», Joxe Angel Munduatek azaldu duenez. Osaba zena lurperatuta non zegokeen iradokitzen zuen. 2017an lokalizatu, eta 2018ko irailean atera zituzten hezurrak.
Hurrengo gakoa, Patxi Lakuntza zena izan zen, Quifosaren etxean jaioa, Marcelo Lasa hil zuten tokitik oso hurbil. Sei urte egin gabe, tiro hotsak entzun zituen eta gorpua ikusi zuen. Estensoro eta Maite Lakuntza (Patxiren arreba), gonbidatu zituen Munduatek, aitortza eginez.
Soinu, bertso eta dantza
Ekitaldi instituzionala zen arren, hunkidura handiko osagaiak izan zituen. Motiboa bera, lehenengo. Aitor Furundarenak soinua jo zuen, Mikel Sarriegik Agurra dantzatu zuen Lasaren kutxaren aurrean, gobernuek lore sortak jarri zizkiten
Antonio Barandiaran olaberritarrak sei bertso kantatu zituen, dotore asko: «Goiz hartan Ataun aldera juan, ziñan pauso nagian, / handi ez zinala beize etorriko, sinisturikan agian. / Oroitzapen bildurrak ere, izan ziñutzen bidian. / Baiñan berriro hementxe zaude, gure herriko kabian», abestu zuen bigarrena.
Historiaren baso ilunetik aterata, jaioterrian emango diote lur, azkenean, Marcelo Lasari.













