Mendian eta kalean, sorosle
Gurutze Gorriak 150 lagundik gorako taldea du prest lasterketaren hiru egunetan korrikalariak zaindu eta artatzeko. Garraio zerbitzuaz ere arduratzen da. Bitarteko kopurua ez da nolanahikoa: pertsonez gain; oinarrizko 20 anbulantzia; aurreratutako 4 anbulantzia: lur-orotako 30 ibilgailu; logistirako 4 furgoneta; 6 minibus; eta 6 osasun postu.
Beasaindik Gipuzkoako beste lau bailaratara barreiatzen den mendi proba Ehunmilak ultra-traila, eta horrek, ezinbestean, bitarteko asko mugiarazi beharra eskatzen dio Gurutze Gorriari. Goierriko taldea hasiera-hasieratik dabil murgilduta probaren hiru egunetan osasun arreta eskaintzen, eta hiru lasterketak ia batera bideratzen direnez eta ibilbidea ikaragarria urruntzen denez, behar diren boluntario eta ibilgailuak asko izaten dira. Gipuzkoako bazter ugaritako kide eta laguntzaileak jartzen ditu martxan egunotan Goierriko Gurutze Gorriak.
Bitarteko kopurua ez da nolanahikoa: 150 pertsona baino gehiago; oinarrizko 20 anbulantzia; aurreratutako 4 anbulantzia: lur-orotako 30 ibilgailu; logistirako 4 furgoneta; 6 minibus; eta 6 osasun postu. Eguraldiaren arabera –okerrera egiten badu batez ere– kopuru horiek areagotzeko ahalmena ere badu Gurutze Gorriak.
Artatze prozedura
Korrikalariak mendian dabiltzan bitartean, Gurutze Gorriko mendi taldea arduratzen da haien zaintzaz: «Talde horrek lehen sorospen lana egiteko gaitasuna dauka, baita korrikalaria eremu zail batetik erreskatatu eta errepideraino jaistekoa ere», adierazi du Goierriko Gurutze Gorriko komunikazio taldeak. Aurten, lehen aldiz, Gipuzkoako Suhiltzaileen laguntza ere izango dute ibilbideko gune menditsuetan.
Laguntza behar duen korrikalaria errepidera jaisten dutenean, OBE anbulantzia –Oinarrizko Bizi Euskarria– edota ABE anbulantzia –Aurreratutako Bizi Euskarria– zain izaten ditu. Lehenengoan Osasun Larrialdietako teknikariak aritzen dira, eta bigarrengoan, larrialdietako 22 mediku eta beste horrenbeste erizain. Azken horiek Osakidetzako kideak dira.
Koordinazio Gunea
Oinarrizko anbulantziak lehen balorazioa eta tratamendu azkar bat egiteko prestatuta daude, eta zauritua osasun postu batera edo ospitalera ahal den ongien mugitzeko eskarmentua dute. Aurreratutako anbulantzietako kideek, aldiz, balorazioa eta froga ezberdinak egin ondoren, tratamendua lekuan bertan egiten hasteko gai dira. Larritasunezko kasuak artatzen dituzte ibilgailu horietan.
Ibilbidean zehar jarrita dauden osasun postuetan lehen sorospeneko pertsonala, osasun teknikariak eta antolakuntzak bideratutako Osakidetzako mediku eta erizainak aritzen dira lanean. Elkarlanean jarduten dute guztiek, eta larrialdi txikiak artatu ohi dituzte, inguruko ospitaleetara eraman beharra saihestuz.
Zeregin horretan berealdiko garrantzia du Beasaingo udaletxean egoten den koordinazio guneak.
Antolakuntzaren boluntarioak eta Gurutze Goierrikoak egoten dira bertan, eta eskaeraren bat dagoenean bitartekoak mugiarazten dituzte. Korrikalariek nahiz ikusleek Gurutze Gorriko kideei eta antolatzaileen boluntarioei eska diezaiekete laguntza, baita 112 zenbakira deituta ere.
Garraio zerbitzua ere bai
Goierriko Gurutze Gorriak eskaintzen duen beste zerbitzuetako bat garraioarena izaten da. Korrikalariek, haien laguntzaileek eta ikusleek erabil ditzakete minibusak, doan. Boluntario horien lana etengabea izan ohi da. Ordutegiak gehigarri honetako 9. orrian kontsulta daitezke.
Oinarrizko aholkuak:
· Likido kopurua areagotu. Bero egiten badu, gorputzak likido kopuru handiagoa behar du, eta horregatik, bai lasterketa egunean bai aurreko egunetan likido kopurua aregoatu.
· Zorabioak eta ondoeza. Halakoak sentituz gero, berehala gelditu eta laguntza eskatu.
· Jantzi egokiak. Izerdia kanporatzeko arropak jantzi, argiak badira hobeto. Bisera janztea ere garrantzitsua da.
· Oinetakoak. Ez daitezela berri-berriak izan, ezta oinean zabal gelditzen direnak ere. Erosoak izan daitezela, zoru egokiarekin.
· Anoa-guneak. Gorputza hidratatuta mantendu, eta anoa-gune guztietan edan.
· Erritmoa. Ibilbideak luzeak direnez, lasai hastea komeni da eta norberaren erritmoan joan, gorputza gehiegi behartu gabe.
· Berotze ariketak. Oso garrantzitsua da abiatu aurretik berotze ariketa arinak egitea. Motxilan eraman beharrekoa ere ondo errebisatu.
· Lasterketaz gozatu. Denbora ona egitea baino garrantzitsuagoa da lasterketaz gozatzea.