Patxi Errementari aurten mailuka
Ataunen 8. Gau Ibilaldi Mitologikoa egingo dute, bihar. Barandiaranek Ataunen bertan jasotako errementariaren kondaira du ardatz. 1.200 bisitarik beteko dute herribidea
Egunak eta gauak bat egiten duten unean, errealitatea eta mitologia bakarrean urtzen diren gunean, VIII. Gau Ibilaldi Mitologikoa egingo du Jentilbaratza kultur elkarteak bihar Ataunen, 3. Mitoaldia bukatzeko. Beste behin, mitologiaren gorazarre izango da Ataun, bai herria bera, bai herritar partaide saldoa ere.
Iaz, hasi aurrean, ekaitz bortitzak bertan behera utziarazi zuen ibilaldia. Ordurako hartutako pertsonaia mitologikoa mantendu dute biharko protagonistatzat: Patxi Errementari. Joxe Migel Barandiaranek Ataunen bertan jaso zuen kondaria. Paul Urkijok Errementari filmean islatu du, eta iazko Mitoaldira gonbidatu zuten zuzendaria.
Barandiaran Museotik abiatuko dira 1.200 bisitariak. Sarrera guztiak agortu dira (doan da). Lehen multzoa 20:00etan abiatuko da, bigarrena 20:30ean. Aurretik, Barandiaran Museoa irekita egongo da, eta errota martxan jarriko dute.
Sei antzerki bidean
San Gregoriotik San Martinerako herri bide zaharrrean, oinez barneratuko dira ikusleak. Jentilbaratza elkartekoek bideko sei leku antzeztoki bihurtuko dituzte, eta beste hainbeste istorio edo pasarte irudikatuko dituzte antzerkitxoetan. Gehienak Patxi Errementariri buruzkoak izango dira, baina Perunezahar baserrian, ohitura dutenez, Joxe Migel Barandiaranen bizitzako pasarte bat antzeztuko dute. Etnologoaren jaiotetxea da.
Ibilbidean aurrera eginda, eta gauean murgilduta —gaueko izaki ugari eraman ditu mitoetara euskaldunen iruditeriak—, San Margingo plazan azken ikuskizuna egingo dute. Otsoak dantza taldeak errementaria iradokitzen duten koreografiak prestatu ditu.
Mitoaldiaren bukaera
Gau Ibilaldi Mitologia 8. da, baina, era berean, 3. Mitoaldiaren bukaerarako ere balioko du. Uztailaren 5ean hasi zen zikloa. Iñaki Perurenak Astigarragako parkean eman zuen hitzaldiarekin gustura geratu ziren, bai leitzarraren istorioekin, bai tokiarekin ere. Jon Aizpuruak Murkondo bailaran gidatutako txangoan, Barandiaranen sustraiak eta adaxkak ikusi zituzten. Joseba Aurkenerenak, hitzaldi sakonean, euskal mitologiaren funtsak xehetu zituen, asteartean, datu mordoa emanda.
8. GAU IBILALDI MITOLOGIKOA
Noiz. Bihar.
Tokia. Ataunen. Barandiaran Museotik (San Gregorio) San Martingo plazara, herribidean.
Bidea. 3 km, 3 ordu inguru. Laua, askotariko zorua, ilunpea.
Bisitariak. 1.200. Sarrera erreserbatuta (agortuta daude jada).
Txandak. Bi. Bakoitzean 600.
Irteera orduak. 20:00 eta 20:30.
Garraioa. 18:30ean hasiko dira autobusak San Martindik San Gregoriora jendea eramaten. Kotxea San Martinen uzteko aholkatu dute antolatzaileek.
Gai nagusia. Patxi Errementari. Joxemiel Barandiaranen bizitzako pasarte bat ere bai, Perunezahar jaiotetxean.
Antzezpenak. Ibilbidean barrena sei gunetan egingo dituzte antzerkitxoak. Bukaeran, ikuskizuna San Martingo plazan.
Antolatzailea. Jenbilbaratza.