Urbaundi jubilatuen elkarteak ekimen ugari antolatu ditu Olaberrian
Jubilatu eguna igandean ospatuko dute Olaberriko erretiratuek, udalak antolaturiko urteroko festa. 13:00etan meza izango dute San Joan elizan, eta 14:00etan bazkaria, Arrietan. Autobusa 12:20an Errekalden eta 12:30ean Ihurren hartu ahalko da, eta itzulera 19:00etan da.
Bestetik, Urbaundi jubilatu elkarteak ere jarduera ugari ditu esku artean. Astelehenean hasi ziren 2019-2020 kurtsorako tailerrak eta aktibitateak, Ihurreko elkartokian. Soinketa, erlaxazioa eta oroimena lantzeko tailerrak jarri ditu elkarteak aukeran. Eskulanak ostegunetan eta joste lanak ostiraletan egingo dituzte.
Gaur, Brionesera eta Logroñora joango dira egunpasa.
Aranera, sei egunerako
Urriaren 21etik 26ra sei eguneko bidaia antolatu du Urbaundi elkarteak. Aran ibarrera eta Aragoitiko Pirinioetara joango dira. Bost gau igaroko dituzte, hiru izarreko hotel batean. Vielha, Salardu, Betlan, Garos, Ordesako parkea, Perdido mendia eta Seros bisitatuko dituzte. Interesatu guztientzat irekia da (375 euro).













