Olaberrian elite mailako palarien txapelketa jokatuko dute asteburuan
Olaberriko VI. Eliteko Pala Txapelketak munduko txapeldun izandako hainbat pilotari elkartuko ditu, beste behin. Asteburuan jokatuko da txapelketaren mardulena: larunbatean, 16:00etatik aurrera, finalaurrekoak; eta igandean finalak.
Profesionalak, profesional ohiak eta amateurrak pala motzarekin jardungo dira. Aurre-kanporaketa lehengo larunbatean jokatu zuten; munduko txapeldun izandako lau palari jar- dun ziren, final-laurdenetan. Mikel Sanz eta Javier Labiano iruindarrek 40-23 irabazi diete Berrogi-Muruzabali. Beste partidan, goierritarren arteko derbian, Xabier Ibarguren lazkaotarrak eta Alfon Etxabarren iruindarrak 40-36 egin dute aurrera, Xabier Zozaia lesakarra eta Azeari Andonegi lazkaotarra kanporatuta.
Bihar, larunbata, eliteen bi finalaurrekoak jokatuko dituzte, Olaberriko udal frontoian. 17:00etan, Aiarra-Brefel (Iruñea-Frantzia) eta Sanz-Labiano (Iruñea) ariko dira. 19:00etan, Casteran-Skufca (Frantzia-Argentina) eta Xabier Ibarguren-Etxabarren.
Bikote irabazleek finala igandean, abenduak 8, jokatuko dute. Jaialdia 11:30ean hasiko da, gazte mailakoen finalarekin.
Gazteek ere bi fase
Eliteen pareko, gazte mailako txapelketan ere finalaurrekoak eta finala asteburuan izango dira. Bihar, 16:00etan, Arakaia-Eslaba eta Escala-Sanchez bikoteek neurtuko dituzte indarrak; laurak Iruñekoak dira. Bigarren finalaurrekoa 18:00etan hasiko da, eliteen partiden tartean: Leatxe-Perez (Iruñea) eta Gorka eta Aitor Estefano (Oiartzun) nor baino nor.
Paleta larruzko modalitatean jokatuko dute gazteek. Bi partidetako irabazleek finala igandean dute, 11:30ean hasita.
Punta-puntako palariak elkartu dituzte aurten ere Olaberriko txapelketan. Jaialdi erakargarriak osatu dituzte, bai lehengo larunbaterako, bai asteburu honetarako.













