‘Ez zela kajoi batean gordetzekoa’ liburuaren aurkezpena Legorretan
"Herritarrek herritarrekin eta herritarrentzat egindako lana da, sekulako balioa duena".
Baserriko bizimodua nolakoa zen jasotzeko eta naturarekiko baserritarrek nolako lotura zuten azaltzeko eginiko lana da gaur Legorretako Herri Antzokian aurkeztu dutena. Ondare immateriala erdigunean jarri dute ‘Ez zela kajoi batean gordetzekoa’ liburuan, herritarren jakintza belaunaldiz belaunaldi transmititzeko, Zelai Amenabarrok ondo azaldu duenez. Herritarrentzat eta herriarentzat garrantzi handiko lana dela esan du alkateak.
Zazpi laguneko taldeak osatu dute proiektua: Maria Josefa Lasak, proiektuaren zutabea, Axun Goikoetxeak, Iñigo Etxeberriak, Joxe Lasak, Ana Arakistainek eta Añarbe Calongek. Ezinbestekoak izan dira Gari Otamendi, Zura taldetik, testuari forma ematen eta liburua ariz ari josteaz arduratu dena eta Bidatz Sasiain sendabelarren gidarako informazioaren hornitzailea.
Zura taldea elkarrizketei forma emateaz arduratu da, talde-lanean, horretan sinesten dutelako. Ahoz kontatutakoa hizkitan eta iruditan jarri dute, kontzeptuei eta balioei forma emanez.
Talde lana izan du oinarrian liburuak: “herritarrek herritarrekin eta herritarrentzat egindako lana da, sekulako balioa duena”-esan du alkateak. Kultura eta bizimodu oso baten aitortza egin nahi izan dute, beste hainbat balioetan oinarrituta. Esate baterako, parekidetasunaren inguruko atal bat du gaur aurkeztu duten liburuak. Horrez gain, jasangarritasunari ere eman nahi izan diote garrantzia, hain azkar bizi garen garai honetan gogoeta egitea komeni delako, garai bateko bizimoduari erreparatuz. Ohiturek nola iraun duten mendez mende gaur egun arte ere biltzen da ‘Ez zela kajoi batean gordetzekoa’ liburuan.
Maria Josefa Lasak 2011an hasi zuen lan baten ondorioz sortutako liburua da. Lasa aurre-jubilatu zenean, denbora zuenez, Arantzadiko ikastaro batean apuntatu zen. Bertan Dani Perez ezagutu zuen eta irakasleak trasmisioaren garrantzia azpimarratzen zuen behin eta berriz. Baserri giroan egin izan den zientzia galtzen ari dela, alegia. Dani Perez irakasleak elkarrizketak egitera animatu zien eta Legorretako memoria eta jendea maite duenez, proiektuarekin herrian hastea erabaki zuen Lasak. Herrikoek egin zioten harrera ona ikusita, gogo handiz ekin zion proiektuari.
Dani Perezek, beste hainbat gaien enobotanika lantzen zuen pertsona komunitateek landareekin izandako harremana historiako momentu ezberdinetan. Aranzadiko irakasleak txantiloi bat zuen eta horrek erraztu egin zuen lana. Sendabelarra ez ezik, landare basatiak, basoko langintza, paisaia nola aldatzen den edota egurra nola lantzen den jaso zuen Lasak. Ondare hori legorretarrek memoria osatu dezaten oso lagungarria izan zela pentsatu zuen egileak. “Ezagutzarik gabe ez dago baloratzerik”- aitortzen du Maria Josefa Lasak.
Prozesuan zehar, hainbat ekitaldi egin izan dituzte. Besteak beste, 2016. urtean, ukenduen saioa egin zuten udalaren babesarekin, euskal astean parte hartuz. Arrakastatsua zela ikusita, pentsatu zuten merezi zuela aurrera jarraitzeak eta deialdi ireki bat egin zuten herrian, taldea sortu eta proiektuarekin jarraitzeko. Taldea 2018an osatu zen eta geroztik sendabelarren bilketa tailerra eta bestelakoak antolatu dituzte.
Amaitzeko, inguruan ditugun adinez helduak diren pertsonekin hitz aspertuak egitera animatu ditu Maria Josefa Lasak.
Ekitaldia borobiltzeko, sokadantza egiteko deia luzatu du Zelai Amenabarro alkateak: “ondareak ondare izateko bizirik egon behar du, balioa aitortu behar zaio eta guk, museo hutsak baino, nahiago ditugu herritarrez betetako plazak. Horregatik, ekitaldia omenduekin osatutako sokadantza batekin amaituko dugu eta eskuekin egindako zubien bitartez irudikatuko dugu komunitatea lotzen duen lokarria”.














