Eskolarteko lasterketak eta bizikleta festa larunbatean, Seguran
Benjamin, kimu, eta gazte mailetan jokatuko da eskolartekoa, herri barruko zirkuitu batean. Aurretik eta ondoren, bizikleta festa egingo dute.
Eskolarteko lasterketak, iaz Seguran. Segurako Txirrindulari elkartea Larunbat honetan, apirilak 25 eskolarteko txirrindulari lasterketak egingo dituzte Seguran, Segurako Txirrindulari elkarteak antolatuta. Benjamin, kimu, eta gazte mailetako txirrindulariek hartuko dute parte, 16:30ean hasiko diren lasterketetan.
Probak Segurako herrigunean burutuko dituzte, herriko kaleetan zeharreko zirkuitu baten barruan. Herriko plazan hasita, komentu ondotik Xesteri Alde auzora igoko dira, bertatik Zerkalde kalea hartu eta Germaneneraino jaisteko. Kale nagusian plaza aldera igoz plaza parean izango dute helmuga. Mailaren arabera zirkuitu honi itzuli kopuru ezberdina eman beharko diote txirrindulariek; buelta bakoitzak 1,3 kilometroko luzera du.
Bizikleta festa
Eskolarteko lasterketak aitzakia hartuta, herriko haur eta gazteak ziklismo mundura gerturatzeko helburuarekin Bizileta festa antolatu dute aurten ere. Bi ekintza izango dira:
- 16:00etan: plazan elkartu eta lasterketako zirkuitua probatzeko aukera izango da.
- 17:30ean: bizikleta gainean teknika hobetzeko ginkana.
Lasterketetan parte hartuko duten txirrindulari eskoletako kideek, zein herriko haurrek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Haur bakoitzak bere bizikleta eta kaskoa eraman beharko ditu.
Trafiko mozketak
Lasterketek irauten duten bitartean segurtasuna bermatzeko 16:00etatik 18:00etara herri barruko trafikoa eten egingo dute denbora tarte jakinetan, Kale Nagusian, Zerkalden eta aparkalekutik Xesterira bitarteko bidean. Lasterketa bakoitza amaitzean bakarrik izango dute ibilgailuek herritik sartu edo ateratzeko aukera. Bidegurutzeak zaintzen egongo diren boluntarioak izango dute trafikoa bideratzeko ardura. Segurako Txirrindulari elkarteak larunbat arratsaldean, 16:00etatik 18:00etara, ahal den neurrian, kotxea ez erabiltzeko deia egin die herritarrei.
Bizkleta Festako irudiak, iaz Seguran. SEGURAKO TXIRRINDULARI ELKARTEA



















