Beasaingo pala eta pilota txapelketa herrikoiaren XV. urteurrena ospatuko dute larunbatean
Ostiraletik igandera bitartean finalerdiak jokatuko dira, eta larunbaterako jaialdi berezia antolatu du Arrano Kulturak. Goi mailako palarien arteko partida izango da.
Bi herritar Beasaingo pala txapelketan, 2024an.Maider Insausti Beasaingo pala eta pilota txapelketa herrikoia finalerdietara iritsi da, eta txapelketaren XV. urteurrena ospatzeko jaialdi berezia antolatu du larunbaterako (apirilak 25) Arrano Kulturak. Ostirala eta igandea bitartean jokatuko dira finalerdiak, Nafarroa etorbideko pilotalekuan.
Ostiralean (apirilak 24), 17:30ean, sasi pilotako finalerdia jokatuko dute Jon Lizarazu-Josu Urdangarin eta Ion Iturbe-Beñat Elgarresta bikoteek. Jarraian, pilotako finalerdia jokatuko dute Xabier Urteaga-Aritz Imaz eta Mendia-Kapo bikoteek. Eta ostiraleko saioa bukatzeko, palako finalerdia jokatuko dute Ixiar Otamendi-Elorri Ramirez eta Ane Garcia-Idoia Oyarzabal bikoteek.
Larunbatean izango da ospakizun berezia. 17:00etan hasiko da egitaraua. Palako beste finalerdia jokatuko da June Landa-Amaiur Landa eta Leire Otamendi-Maddi Aiestaran bikoteen artean. Ondoren goi mailako palarien partida izango da, Amaia L. Aizpeolea-Naiara Aldasoro eta Maddi Iriondo-Maider Mendizabal bikoteen artean. Eta hori amaitzean, sasi pilotako beste finalerdia jokatuko dute Ander Zufiaurre-Josu Zufiaurre eta Manex Urien-Raul Cordos bikoteek.
Bingoa izango da arratsalde osoan, eta 20:00etatik aurrera DJ Lizarrustik girotuko du ospakizuna.
Txapelketako finalistak erabakita geratuko dira igandean (apirilak 26); Saltsa I-Saltsa III eta Jon Zabaleta-Jon Zufiaurre bikoteek jokatuko dute pilota txapelketako beste finalerdia.













