Enpresak ere, kontziliazio erantzunkidean inplikatu nahian
Gipuzkoako Erantzunkide Sareak antolatuta, hainbat enpresetako ordezkariak bildu dira gaur Igartzan, kontziliazio erantzunkidearen inguruko lan saioan.
Goierriko eta Gipuzkoako hainbat enpresetako ordezkariak Igartzan bildu dira gaur, Gipuzkoako Erantzunkide Sareak antolatutako lan saioan. Kontziliazio erantzunkidean sakontzeko konpromisoa hartua duten 35 enpresak osatzen dute sari hori. Horiekin batera, eskualdeko hainbat enpresatako kideak ere elkartu dira Beasaingo saioan. Erantzukide Sarea 2018ko irailean jarri zuten martxan, eta dagoeneko 35 enpresa eta erakunde inplikatu dira berdintasuna eta kontziliazioan sakontzeko ahaleginean. Enpresa horietako 6.592 langilerengana iritsi dira arlo horretan antolatutako ekimenak.
Silvia Muriel erakundeen eraldatzean eta genero ikuspegian adituak emandako hitzaldiarekin hasi da saioa. Kontziliazio erantzunkidea bultzatzeak herritarrei, ekonomia ehunari eta gizarteari ekar diezazkiokeen onurak azaldu ditu. Sareko enpresek berriz, arlo horretan duten egoeraren erradiografia egin dute, eta beraien gogoetak partekatu dituzte. Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak berriz, lan mundua “gizarte eraldaketan eragiteko palanka nagusietako bat” dela gogorarazi du, eta inguruko enpresak kontziliazioaren aldeko pausoak ematera animatu ditu.
Bilera hori egiteko Beasain hautatu izana, ez da ausazko erabakia izan. Izan ere, HerriLab proiektuaren bitartez, kontziliazio erantzunkidearen inguruko esperimentazio eta probaleku bihurtu da Beasain. Aitor Aldasoro alkateak azaldu duenez, “herriko eragileak eta biztanleak inplikatuz, elkarlanean, emakumeen eta gizonen berdintasuna era esanguratsu eta iraunkorrean” bultzatzeko ekintzak diseinatu eta ezartzen ari dira azken hilabeteotan. Egitasmo horretan, “enpresen alorrak protagonismo berezia” duela ere esan du.