Laubideko haur parkea estaltzeko eta bakoitien eremuko lanak hasi dituzte
Bioeraikuntza eta bioklimatika irizpideei jarraituko diete estalkia egiterakoan. Oinezkoen irisgarritasuna eta aparkalekuen arazoa konpontzeko helburua dute etxebizitza bakoitietako lanek
Agenda 21eko foroan gaia aztertu eta hainbat proposamenen artean bat aukeratu ondoren, hasi dira Laubideko haur parkea estaltzeko lanak. Gunea hesiz inguratuta dago atzotik, eta laster hasiko dira estalkiaren azpiegiturak finkatzeko lanekin. Helburua, parkea egokitzea da, eguraldi txarra egiten duenean haurrek erabili ahal izateko.
Udal teknikariek osatutako proiektuari jarraiki egingo da parkeko estalkia, bertan jasotako hainbat irizpide kontuan izanda. Batetik, erabiltzaileen segurtasuna bermatuko da, eta horren ondorioz ez da erabiliko haurrei kalte egin diezaieketen materialik edo formarik.
Bestetik, bioeraikuntza eta bioklimatika kontzeptuak erabiliko dira, eta «energetikoki oso eraginkorra» izango da estalkia; horregatik, izango duen energia kontsumo bakarra argiztapenarena izango da, eta energia iturri berriztagarriak erabiliko dira horretarako. «Aztarna ekologiko txikia» izatea ere zainduko da, eta hori gutxitzeko neurrien artean tokiko material naturalen erabilpena eta tokiko baliabideak lehenestea aurreikusten dute. Burdina izango da nagusi, hala ere, egitura osoan, estali beharreko espazioak irekia eta gardena izan behar duelako.
Bakoitietan, bigarren fasea
Haur parkeko estalkia eraikitzeko lanekin batera, Laubideko zenbaki bakoitidun etxebizitzen ingurua eraberritzeko obrei heldu die udalak berriz ere, proiektuaren bigarren fasea hasita.
Proiektuaren xedea auzoko urbanizazio orokorra hobetzea da, batez ere oinezkoen irisgarritasuna eta gune horretan dauden sarbide eta aparkalekuen arazoa antolatu ahal izateko. Orain hasi diren lanekin, ur horniduraren instalazio eta euri uren sare zaharkituak ere eraberrituko dira.
Bigarren faseko lan hauek 15. eta 17. atarietako atzeko aldetik 21.era eta 7.era bitartean egingo dira, bide nagusia eta sarbideak konpontzeko.
Guztira 2.340 metro koadroko azaleran arituko dira. Aurrekontua 274.402,76 eurokoa da, BEZ-a barne, eta lanak hiru hilabete eta erdian amaituko dituztela aurreikusi dute.