Legazpi eta Zerain, finenak
Gipuzkoako taldekako bola txapelketa irabazi dute Danantzakok gizonezkoetan eta Liztormendik emakumezkoetan. Gabiriako Osinaldeko neskak, bigarrenak
Goierrin geratu dira Gipuzkoako taldekako bola txapelketaren sari nagusiak, larunbatean Olaberrian jokatutako finaletan Legazpiko gizonezkoen Danantzako eta Zeraingo emakumezkoen Liztormendi taldeak gailendu eta gero. Emakumeen kategorian finalera iritsitako beste goierritar taldea, Gabiriako Osinalde, bigarren sailkatu zen.
Legazpiko Juan Pedro Agirrek, Jon Orikainek, Mikel Azarolak, German Gereñuk, Juan Mari Iñurritegik, Jose Luis Agirrek eta Jose Antonio Calvok ordezkoa zen azken hau osatutako Danantzako taldeak «erraz» irabazi zuen finala Olaberriko bolatokian. Urnietako Santakruz, Ategorrieta eta Urnietako Zelaiondo zituen aurkariak. Lehenengo tiraldien ondoren, legazpiarrak eta urnietarrak sailkatu ziren azken faserako, eta horretan atera ziren garaile Danantzako klubekoak.
Emakumeetan, bi goierritar
Gizonezkoen txapelketaren finala jokatu ondoren, emakumezkoenaren azken ekinaldia hasi zen, eta Zeraingo Liztormendi taldeak irabazi zuen norgehiagoka, Osinalderen aurretik jarrita. Taldea Mariajesus eta Mariflor Mendizabalek, Jone Biainek, Kontxi Gabiriak, Belen Abendibarrek eta Garbiñe Alustizak osatzen zuen.
Pake Galdosek, Saioa Etxezarretak, Ixiar eta Gema Izuzkizak, Maria Alkortak eta Naiara Peñagarikanok osatutako Osinalde gabiriarra, berriz, bigarren tokian geratu zen. Goierritar bolariek Villabonako Beharzana eta Zarauzko Zelaiondo taldeen aurka neurtu behar izan zituzten indarrak finaleko tiraldietan.
Gipuzkoako taldekako bola txapelketaren finalean parte hartu zuten 48 bolariez gain, zaletu ugari elkartu zen larunbatean Olaberriko bolatokian, eta giroa paregabea izan zen.
Txapelketa urtarrilaren 11n abiatu zen gizonezkoen hamabost talderen eta emakumezkoen bost talderen partaidetzarekin. Legazpin, Urbietan, Añorgan eta Gabirian egin dira sailkatze faseko tiraldiak.













