Aita-semeak frontoian daude
Cesar eta Beñat Ballina aita-semeak Zumarragako pilota txapelketa herrikoian parte hartzen ari dira. Legazpin bizi dira eta bertako pilota txapelketan ere parte hartuko dute.
Cesar eta Beñat aita-semeek Oskorrik ezagun egin zuen abestikoek baino ohitura hobeak dituzte: tabernara joan beharrean, pilotalekura joaten dira. Zumarragako pilota txapelketa herrikoian parte hartzen ari dira.
Aitari beti gustatu zaio pilotan jokatzea. «Asko jokatu dut pilotan, hasieran eskuz eta ondoren palarekin ere bai. Mutikotan eguna pilotalekuan ematen nuen. Oso kirol maitea dut». Bi seme ditu eta hauei ere pilotan jokatzea gustatzen zaie. «Semeekin ere ordu asko eman ditut pilotalekuan. Beñatek umetatik jokatzen du pilotan eta beti oso gustura aritu da. Egun txirrindularitza egiten du, baina pilota ere oso gustuko du».
Bizikletarekin bezain gustura dabil pilotan. «Txikitatik jokatzen dut pilotan. Egun bizikletan ibiltzen naiz, baina Legazpiko pilota eskolako kidea izan nintzen eta umetan ordu asko eman nituen pilotalekuan. Duela hiruzpalau urte utzi nuen pilota eskola», dio Beñatek.
Aitari semearekin jokatzeak ilusio handia egiten zion eta iaz Zumarragako pilota txapelketa herrikoiko antolatzaileengana jo zuen baimen eske. «Oraindik gazteegia zela esan zidaten, baina aurten 16 urte beteko ditu eta jokatzeko baimena eman diote. Legazpiko txapelketan ere izena eman dugu».
«Umea zenetik jokatu dut pilotan Beñatekin
eta oso postura egokiak ditu»Cesar Ballina (Pilotazalea)
Semeari ere ilusio handia egiten dio aitarekin jokatzeak. Beñat atzelaria da eta Cesar aurrelaria. «Beti atzelaria izan naiz. Pare bat aldiz aurrean jokatu dut eta, egia esan, ez naiz moldatzen. Aita korrika egiteko moduan dago oraindik». Aitak semea jokalari ona dela dio. «Umea zenetik jokatu dut berarekin eta oso postura onak ditu. Gainera, atzeko koadroetatik pilota zailak eramateko gai da. Postura onak eta kolpe ona ditu, baina segurtasun apur bat falta zaio». Semeak aitak aurreko koadroetan lan ona egiten duela dio. «Bizi sartzen da eta gogor ematen dio», amaitu du.