Amalur, aro berrian gailur berrietan
Lazkaoko mendi taldea desagertzeko zorian egon zen, iaz. Baina biziberritu da. Bost laguneko gidari talde batek hartu du makila, eta mendiaren beste ertz batzuk esploratu nahi dituzte.
Berritu ala hil esaldia ez da zahartzen. Mendizaletasunera eta hura ulertzeko nahiz praktikatzeko moduetara ere etengabe aplikatu beharrekoa da. Antzeko zerbait gertatu zaio Lazkaoko Amalur mendi taldeari. Kinka larrian izan zen iaz, eta taldea bere barruan duen Domarda elkarteak larrialdi deia zabaldu zuen: barruan inor ez, eta elkartez kanpoko norbaitek kudeaketari heltzen ez bazion, agur Amalurri.
«Ultimatumari» heltzea erabaki zuten bost lagunek, eta esparru berrietara zabaltzeko ahalegin betean hasi dira lanean. Ohiko funtzioei ere eutsiko diete, Domardak jarritako gutxieneko baldintzak baitira. Urtero, mendizale federatuen txartelen tramitazioarekin segituko dute. 200 bat federatu daude Lazkaon, eta zerbitzu horrek jarraitzea garrantzitsutzat jo dute.
Bestetik, iganderoko mendi bueltak antolatzen eta egiten jarraitzen du lehengo taldeak, jubilatuak gehienak. Haiek ere Amalurren aterkia izango dute. Urteroko Esparruko jira eta Lazkaomendiko festetako txangoa ere seguru dira, Amalurrek antolatzeko asmoa baitauka.
Baina lur gehiagotara zabaldu nahi dute mendiarekiko zaletasuna. «Gure ideia da mendira ez dagoela taldearekin joan beharrik. Garai batean, Pirinioetara joateko bidea hori zen, baina gaur egun autonomoagoak gara, eta mendi elkarteek eskola zaharreko dinamiken pisu edo zentzua galdu du».
Zaletu gehiagorengana
Abanikoa irekita, mendizale gehiagorengana iristen saiatu nahi dute, beste zerbitzu edo ikuspegi batzuk ere emanda. Igandeetako ohiko txangoez gain, urrutirago bost irteera antolatu dituzte, aurtengo: Pirinioetara bi, bat mendi eskiekin (martxoak 28-29) eta uztailean ibiltzera asteburu bat; beste bi Nafarroara, Lokizera eta Malerrekako Zorotxipira; eta udazkenean Leitzaranera. Iganderoko irteeren taldearen egutegiarekin uztartu dituzte.
Buruan darabilte, bestetik, mendiko eskian edo trail korrika probetan lehiaketetan dabiltzan bazkideei begira ere adar bat zabaltzea. Nahiz eta talde eragileko batzuk ez diren mendia eta lehiaketa lotzearen aldeko. «Baina bazkide horiei ere erantzun bat eman beharko zaio, elkarte bezala». Debatean ari dira.
Garai eta ideia berrien ezaugarri, datorren astean garatuko den Mendi Astea da. «Zer edo zer berezia egin nahi dugu». Lehengoarekin errespetua gordeta, eta aurreko kudeatzaileek irekitako leihoa gehiago zabaldu nahita, mendizaletasun ikuspegi eta zerbitzu berriei nola hel dakiekeen pentsatzen ari dira, bitartean.
Ekimen gehiago eskainita, lazkaotarren aldetik ere jarraipen edo erantzun zabalagoa jaso nahiko lukete. «Ernemuina jarri nahi dugu, oinarrizko gauzak egin, eta ideiak sortu ahala hortik aurrerago jo. Jendearen erantzuna ikusitakoan, horren arabera etorriko da etorkizuna».
Bost mendizaleok dira Lazkaon Amalurrek aurrera jarrai dezan borondatezko konpromisoa hartu dutenak: Aitor Sarriegi, Ioseba Alargunsoro, Jokin Aizpuru, Enekoitz Arakama eta Imanol Lasa.
Igandean Ausa Gaztelura
Ohiko ibiltariek iganderoko mendi buelta Ausa Gaztelura (901m) egingo dute, Aralarrera. Olariagako saroitik abiatuko dira. Elkartzeko ordua igandean 08:00etan da Itzala taberna parean, eta bazkal aurretik itzulera.
2020rako guztira 26 irteerako egutegia osatu du Amalurrek.
Mendi Astea antolatu dute datorren asterako
Amalur mendi taldearen ekinbide berriaren fruitu da datorren astean garatuko den Lazkaoko Mendi Astea. Lehenengo edizioa du, bai azken urte mordo batean behintzat. Lau ikus-entzunezko izango dira, denak Areria antzokian eta 19:30ean hasita. Bestetik, aste osoan, kultur etxeko aretoan Amalurren mendi irteeretako argazkien erakusketa egongo da, garai askotako irudiekin.
Mendi Astea Pello Eskisabel mendizale ordiziarraren Haute Route Ecrins-Meije argazki eta bideo emanaldiak irekiko du, astelehenean, otsailak 17. Alpeetako mendi eski zeharkaldi baten kronika da.
Bigarren ikuskaria, asteartean, Eñaut Izagirre elgoibartarraren Incognita Patagonia izango da. Hego Amerikako eta Antartikako glaziareen galera erakusten du, eremu horietan egindako mendi igoera batzuk aitzakia hartuta.
Hurrengo saioa, asteazkenean, Al otro lado de la cuerda dokumentalaren emanaldia da, eskaladari buruzkoa. Arkaitz Iurrita ormaiztegiarrak egina da, baina ezin izango du berak Lazkaon egon, Antartikan baitago gidari lanetan. Haren ordez, dokumentalean parte hartu zuen Mikel Zabaltza gonbidatuko dute Areriara.
Azkeneko ekitaldia, otsailaren 20an, osteguna, Jurek Zienkiewicz zeanuriarraren Elur goritan lanaren emankizuna izango da. Errusia ekialdeko Kamtxatka penintsulan mendi eskiekin iazko udaberrian gauzatu zuen zeharkaldiaren kontakizuna da. Jon Goikoetxeak eta Iker Larrañagak ekoitzi zuten lana, eta Bilboko Mendi Film Festibalean aurkeztu zuten. Zienkiewiczekin batera, kameralari zarauztarra ere Lazkaon izango da.
«Ikus-entzunezkoak maila oso onekoak dira, eta Eskisabelen argazki emanaldia ere polita izango da», diote Amalurren.