Kontalaritzari balioa emateko dator ahoz aho narrazio jaialdia Ordiziara
Martxoaren 7an hasiko da 13. Ahoz Aho Ahozkotasunaren Jaialdia Ordizian, ipuinen narrazio lehiaketarekin. Lehiaketaren gala nagusia eta finala, martxoaren 27an egingo dute Barrenan
Egitarau bete-betearekin dator Ahoz aho nazioarteko ahozkotasunaren jaialdia. Martxoaren 7an, ostirala, ekingo diote ipuin narrazio lehiaketari Ordizian, eta martxoaren 28ra arte luzatuko da. Hiru aste horietan, Euskal Herriko eta beste toki batzuetako artisten narrazioez gain, beste sorkuntza batzuez gozatzeko aukera egongo da, magoak, bertsolariak eta euskal kontalariak izango baitira. Ordizian eta Tolosan izango dira jaialdiaren emanaldi nabarmenenak, baina Ataunen, Arrasaten, Amezketan, Ibarran eta Albizturren ere izango dira beste hainbat ekitaldi. Emanaldiez gain, bi kontaketa ikastaro eta topaketa ere antolatu dituzte.
Iragan ostegunean aurkeztu zuten Donostian 13. Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia. Bertan izan ziren May Gorostiaga Intujai Antzerkiko eta jaialdiaren antolakuntzaren arduraduna, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendaria, Lander Mujika Ordiziako Udaleko zinegotzia, eta Maider Alzelai eta Joxe Mari Carrere kontalariak.
Gorostiagak egitarauaren xehetasunak eman zituen eta ekitaldiez gain parte hartuko duten artisten inguruko informazioa ere luzatu zuen. Partaide gehienak Euskal Herrikoak dira baina kontalaritzan ibilbide luzea duten nazioarteko lau artista ere ekarriko ditu.
Telleriak programa «biribila» antolatu izana azpimarratu zuen: «Munduko mapa bat da, Ordiziatik hasita. Udalari eskerrak ematen dizkiogu, hainbat lurralde kultur mungimenduekin batzen gaituelako. Belaunaldi desberdinak, narrazioari esker familiak batzeko gaitasuna duena eta gazteak kulturara erakartzen dituena». Programak, kulturaren inguruan «baloreak sustatzeko» balio duela ere esan zuen.
Mujikak gogoratu zuen Ordiziako kultur bizitzaren «ekitaldi garrantzitsua» dela honakoa eta bide batez, martxoaren 27an egingo den ahozko lehiaketaren gala nagusira gonbidatu zituen herritarrak.
Azkenik, aurten Urrezko Kalabaza saria ahotsak.eus webguneak jasoko du, ahozkotasunaren testigantzak jasotzeko egiten duen lanagatik.
Goierriko egitaraua:
Martxoak 7
· 19:00. Ipuin narrazio lehiaketa. Ordiziako D’Elikatuz zentroan.
Martxoak 12
· 22:00. Imanol Arabaolaza eta Carolina Rueda kontalariak. Ataungo Troskaeta tabernan.
Martxoak 21
· 17:00. Ane Gebara eta Infigeneia Kakridoni kontalariak, Ordiziako Barrena Kultur Etxean.
· 19:30. Gertuko magia, kale ikuskizuna, Ordiziako Plaza Nagusian eta Garagartza Plazan.Martxoak 23
· 10:00. Odei Arregi kontalaria, Ordiziako Urdaneta ikastetxean.
· 11:15. Odei Arregi kontalaria, Ordiziako Jakintza ikastolan.
· 18:00. Odei Arregi kontalaria, Ordiziako Goiztiri euskaltegian,.Martxoak 26
· 18:00. Dorleta Kortazar eta Celine Ripoll kontalariak, Barrena Kultur Etxean, Ordizia.
Martxoak 27
· 22:00. Ahozkotasunaren gala nagusia eta lehiaketaren finala. Ordiziako Barrenan.