Eskulan eta mahai jolasen ostean, marrazki lehiaketa Olaberrian
Koronabirusaren itxialdian haurrentzat hainbat jarduera burutu dituzte Olaberrian. Azkena, marrazki lehiaketa antolatu dute. Bi adin-sailetan parte har daiteke, 4 urtetik 7ra bitartekoek batean, eta 8tik 12rakoek beste batean.
Edozein gaiz eta teknikarekin margotu liteke marrazkia. A4 orriaren neurrian izan behar du, baldintza bakarra. Lanak emateko epea maiatzaren 22ra arte da.
Sariak izendatuko dituzte, maila bakoitzean. Lanak posta elektroniko bidez (kultura@olaberria.eus) edo WhatsApp mezularitza bidez (681 175 113) bidali behar dira, haurraren izen-abizenak, adina eta telefono zenbakia jarrita.
Mahai-jolasa herriari buruz
Konfinamendu garaian, lehenago beste bi jarduera egin dituzte, haurrentzat bideratutakoak. Batetik, 11 urtera arteko haurrek eskulanak lantzeko deialdia izan zuten. Gidaliburu bat eta beharrezko materiala banatu zizkien udalak, etxeetara.
Bestetik, 12 urtetik 17ra bitartekoek Olaberriari buruzko mahai jolas bat jaso zuten etxean. Herriari dagozkion galderak ditu jokoak, bertako datuak, kultura, kirola, ekoizleak, turismoa, historia eta geografia jolastuz gehiago barnera dezaten.













