«Onerako edo txarrerako, paperean jarraitzen dugu egiten»
Aitzol Arruabarrena Ordiziako Ortzadar argazkilaritza elkarteko kidea da. Duela gutxi arte ere zuzendari lanetan aritu da. Nikolas Lekuona argazki lehiaketa atzeratu dute.
IX. Nikola Lekuona lehiaketa atzeratu dute. Irailaren 13ra arte izango dute parte hartzaileek lanak bidaltzeko aukera. Aitzol Arruabarrenak 15 bat urte daramatza elkartean: «Horietatik 8 presidente bezala».
Koronabirusa dela eta, Nikolas Lekuona argazki lehiaketa atzeratu duzue, eta irailean izango da aurten.
Bai. Ez genuen egin gabe utzi nahi, eta irailera atzeratu dugu. Erakusketa bai saritu eta baita aukeratutako lanekin izaten da, eta data finkorik oraindik ez daukagu, baina udalarekin hitz egin dugu dagoeneko.
Osasun larrialdia ezarrita zegoenean argazkirik ateratzeko aukera izan zenuen?
Etxean egon garenean ez, baina egia da online egiteko txapelketa batzuk egon direla, etxean egiteko moduko gaiekin: leihotik, begirada, ura… horrelako batzuetan parte hartu dugu etxetik atera gabe. Orain gehiago etxetik atera gaitezkeelako.
Horrelakoak rally formatuan izaten dira: gai bat eman, eta egunean bertan egin eta aurkeztu behar dituzu argazki guztiak. Baina kalean izaten dira. Kasu honetan, irizpide onarekin, etxetik egin da. Gipuzkoako argazkilari elkarteak egin zuen bat, eta beste pare bat ere internet bitartez jaso genituen. Aukeratxoren bat izan dugu.
Orain arte ezin izan bada ere, argazkiak ateratzeko elkartzen al zarete Ortzadarreko kideak?
Asteartero elkartzen gara. Orain online egiten hasi behar gara, egoera honekin ez garelako aspaldian elkartu. Argazkiak ateratzeko ere beti elkartzen gara, bai modu antolatuan, ordua eta lekua jarrita, eta gero beste batzuetan modu inprobisatuagoan, elkarri galdetuta.
Zenbat pertsonak osatzen duzue elkartea? Eta bestetik, zein da kidearen perfila?
Orain 20 bat gara. Perfila pertsona heldua da, 30 urtetatik gorakoa, jubilatzeko ordura edo, tarte horretan gaude gehienok. Egia esan bi neska bakarrik daude, eta gazteak ere bi soilik.
Gaur egun argazkia edo argazkiak ateratzeko teknologia edonon aurki daiteke. Mugikorrak ere balio dezake. Zergatik uste duzu gazteak ez direla parte hartzera animatzen?
Niri bitxia egiten zait orain, mugikorrarekin hainbeste argazki ateratzen diren garai honetan. Gu saiatu izan gara baina ez dugu lortzen jendea erakartzea. Egia da guk lana egiten dugun moduan beti daukagula argazki pentsatuagoa eta landuagoa, eta ez dugu momentutasun hori izaten. Orain momentutasuna dago oinarrian: argazkia atera eta sare sozialetara igotzen dute. Momentuan.
Orduan, ikuspuntu oso desberdina daukagu alde horretatik. Guk pentsatuta egiten ditugu argazkiak. Nik uste gure perfilarengatik dela, guk daukagulako argazkilaritzara gerturatzeko beste modu bat. Dena den, eman izan ditugu ikastaro batzuk eta jende gaztea ere gerturatzen da.
Zenbatero antolatzen dituzue ikastaro edo tailerrak? Zer nolako harrera izaten dute?
Iaz ez genuen bat ere egin, eta aurten datak erabakita zeuden. Aste Santutik ekainera arteko tarte horretan egin behar genituen. Orain ez dakigu irailean hasiko garen ala ez.
Askotan ikastaro irekiak eman izan ditugu, motzagoak, ordubetekoak gehienez, eta nahiz eta herrian zabaldu, ez du jende askok parte hartzen. Ziurrenez gure erruz, ez garelako behar adina plazaratzen.
Argazkilaritza digitala da nagusi gaur egun. Argazkilaritza analogikoa lantzen duenik badago elkartean?
Gure kide batek egin ditu gauza batzuk analogikoarekin, baina bestela dena digitalean izaten da. Donostiako batekin ere egin dugu proiekturen bat analogikoan, baina gutxi.
Zer dauka digitalak analogikoak ez daukana eta alderantziz?
Digitalarekin argazkilaritzak kolorea irabazi du batik bat. Digitalarekin zuri beltzak lehen bezain ondo ateratzen direnik ez dut esango, baina ia-ia. Inprimatzeko paper onak erabiliz gero ere ia ez dago diferentziarik. Baina garai bateko kolorezko film bat izan edo digitalean izan… digitalean askoz hobeto dudarik gabe.
Galdu… nik uste pentsatzea eta hausnartzea galdu dela. Lehen filma zenuen, garestia zen eta kopuru mugatua zeneukan. Gehiago pentsatzen ziren argazkiak, egun arinago egiten da.
Maila altuko argazkilariek hartzen dute parte urtero Nikolas Lekuona lehiaketan. Urte hauetan ikusi duzun argazki kuttunik ba al duzu?
Bakarrarekin gelditzea oso zaila da. Onerako edo txarrerako, guk paperean jarraitzen dugu txapelketa egiten. Orain askok digitalean eskatzen dute. Horregatik, jendeak paperean bidali behar duenez badakigu kalitate minimo bat izango dutela. Horregatik egiten dugu paperean. Hasieran ez genuen parte hartzaile askorik izaten, eta gero digitalaren iraultza hasi zenean, guk paperarekin jarraitu genuen eta parte hartzaile kopuruak gora egin zuen hasiera batean. Bitxia izan zen.
Espainiako estatu mailako lehiaketa da.
Bai, estatu guztitik jasotzen ditugu lanak. Kataluniatik jende askok hartzen du parte, Granadako jendea ere badago… Eta gehienbat Euskal Herrikoak.
Ortzadar argazkilaritza elkarte gisa zer nolako ekintzak antolatzen dituzue?
Urtean bi erakusketa ditugu. Finkoak dira hauek. Bat Ortzadarreko bazkideok egiten duguna, azaroan izaten da normalean. Gure argazkiekin egiten dugu erakusketa, bakoitzaren gustukoenekin. Bestetik, Nikolas Lekuona lehiaketa.
Horrez gain, urtero ez baina bi urtez behin saiatzen gara proiektu edo ekimen bereziren bat prestatzen. Azkenekoa Ordiziaren 750. urteurrenean izan zen. Retroargazkilaritza proiektu bat egin genuen: argazki zaharrak hartu eta leku berean ateratako argazki berriekin fusionatu genituen. Bideo bat ere egin genuen. Nahiko proiektu polita egin genuen. Ekainaren erdialdean Ordiziako Udalak berriz jarriko du lan horretan egindako lana ikusgai. Interneten ere aurki daiteke: denak animatzen ditut youtuben sartu eta ikustera.