Telleriarteko Txirrindulari Elkartearen Klasikoa, aurten berritasunekin
Gaur aurkeztu dute maiatzaren 1eko afizionatuen lasterketa, Espainiako Koparako baliagarria izango dena. Ibilbidean aldaketak egin dituzte.
Jokin Matxinandiarena, Enrique Vizcay, Eric Galvez, Abraham Olano, Santi osoro, Ale Diaz eta Josu Galilea, Santikutz Klasikoaren aurkezpenean.Tere Madinabeitia Jokin Matxinandiarena gidari lanetan zela, Legazpiko maiatzaren 1eko Santikutz klasikoaren 92. edizioa aurkeztu du gaur arratsaldean Telleriarte Txirrindulari Elkarteak. Aurkezpen ekitaldia Kultur Etxean egin dute, eta bertan izan dira Enrique Vizcay elkarteko lehendakaria, Eric Galvez Legazpiko alkatea, Abraham Olano txirrindulari ohia eta Gipuzkoako Txirrindulari Federazioko kirol zuzendaria, izendatu berria den Santi Osoro Euskal Federazioko lehendakaria, eta Caja Rural taldeko Alex Diaz txirrindulari urretxuarra. Guztien artean, Legazpiko jaien “ikurretako bat den” probaren xehetasunak aletu dituzte.
Legazpiko Klasikoa Espainiako Koparako puntuagarria izango da beste behin. Kopa hamar probez osatuta dago, eta hau zazpigarrena izango da. Aurten, Espainiako Federazioak aldaketak egin ditu Kopa honetan, Vizcayk azaldu duenez, eta 25 taldetara mugatu du partaidetza. Sei txirrindulariko taldeak dira, eta horietatik lau gainera 23 urtez azpikoa izan behar da. Legazpin Kopa lehiatzen ari diren 17 talde finkoak izango direla ziurtatu du Telleriarteko txirrindulari elkarteko lehendakariak, eta gainerakoak gonbidatuak direla, batez ere Gipuzkoakoak, Bizkaikoak eta Arabako bat.
Baina datorren ostiraleko lasterketaren aldaketarik nabarmenena ibilbidearena izango da. Aurten Segurarainoko tartea kendu egin dute, logistika arazoengatik, eta Aztiritik itzuli bat gehiago egingo dute.
Gainera, ez bada azken ordukorik gertatzen, txirrindulariak ez dira Legazpiko kaskotik igaroko Aizkorri kalean egiten ari dien obrengatik, eta herritik igarotzean saihesbidetik joango dira. Helmugarako bidean bakarrik sartuko dira herrira, Kale Nagusian gora. Hori dela eta, herri barruko bitarteko helmuga ere kanpora eraman behar izan dute, Urola kalera. Dena dela, Vizcay ohartarazi du litekeena dela lasterketa egunerako Aizkorri kalea irekita egotea, eta horrela izanez gero, azken urteetan bezala herritik pasako dela tropela.
Ibilbidearen luzera ere motzagoa izango da aurten, 141 kilometrokoa, baina horrek gogortasunik ez diola kenduko ziurtatu du. Ibilbide horretan hamaika mendi pase izango direla ere esan du.
Klasikoa streaming bidez jarraitu ahal izango da aurten ere, eta Kale Nagusian, helmugatik gertu pantaila erraldoi bat jarriko dute, txirrindularien bilakaera jarraitzeko.
Amaitzeko, garaikurrak laugarren urtez jarraian Ane Urtzelai artista legazpiarrak egin dituela gogorarazi dute aurkezpenean, eta bertan izan dituzte ikusgai. Lasterketa egunera arte Korosti Kafea dendaren erakusleihoan egongo dira.













