Irekita dago Xabier Ortiz de Luzuriaga mendi bizikleta martxarako izen-ematea
Ekainaren 6an izango da, larunbatarekin. Internet bidez eman daiteke izena bakarrik. Aurten ibilbidea aldatu dute, eta hasita daude dagoeneko bideak garbitzen.
Bravo, Uribetxeberria eta Balerdi Laubideko kale nagusian, BTT martxaren kartelarekin.Tere Madinabeitia Xabier Ortiz de Luzuriagaren omenezko mendi bizikleta ibilaldi berria martxan dago. Ekainaren 6an izango da aurten, larunbatarekin, eta antolatzaileak azken lanetan murgilduta daude. Izen-ematea irekita dago xabierortizbtt.eus webgunean, kartelak prest daude, eta ibilbidea garbitzen ere hasita daude.
Aurten ere internetez bakarrik egin daiteke izen-ematea, eta maiatzaren 24an itxiko dute epea. Federatu txartela dutenek 13 euro ordaindu beharko dituzte, eta 17 euro txartela ez dutenek. Trukean kamiseta jasoko dute partaideek, eta hainbat opariren zozketan sartuko dira. Bestalde, aurten hainbat material jarriko dute salgai.
Ohi bezala, Hegialdeko jaien atarikoa izango da bizikleta martxa hau, eta aurten ere Laubideko kale nagusian izango du zentroa. Goiz osorako festa giroa agindu dute antolatzaileek 21. ediziorako.
Bizikleta, musika eta ibilbidean aldaketak
Aitor Uribetxeberria, Mikel Balerdi eta Mikel Bravo antolatzaile taldeko hiru kide dira. Azaldu dutenez, iaz bezala larunbatean izango da aurten ere. Iaz, martxaren 20. urteurrena zelako aurreratu zuten larunbatera, egun osoko festa prestatu zutelako. Eta hura “auzoari gustatu zitzaion, eta guretzat ere, ostiralean hasi behar badugu ere lanean, eta kasu batzuetan baita jai eskatu ere lantokian, gehiago komeni zaigu”.
Aurten, hala ere, goizeko festa izango da, hori bai, arratsaldeko lehen ordura arte luzatuko dena seguruenik, “eta luzatu nahi duenak, luzatu dezala bere kontura”. Ohiko karpa egongo da jarrita Laubiden, eta horren inguruan izango da festa hori, zuzeneko musika barne, Xabier Ortiz de Luzuriaga zenaren kuadrillakoek eta lagunek joko dutena. Hantxe banatuko dizkiete partaideei ere indarrak berreskuratzekoak. Oraindik erabakitzear dute zer emango duten jateko, baina paella errazio txikiak banatzea dute pentsatuta.
Lehen txirrindulariak. 09:00ak inguruan irtengo dira txirrindulariak, eta azkenak 14:00ak igarota iritsi daitezke. Bitarte horretan egingo duten ibilbidea berria da, eta “sorpresa”. Aldaketa garrantzitsua izango dela aurreratu dute. 36 kilometroko luzera izango du, eta 1.300 metroko desnibela. Aurreratu duten bakarra da Kanteraren inguruan dagoen Ortiz de Luzuriagaren omenezko monolitotik igaroko dela bidea, eta amaiera Laubiden izango dela, eta “betiko lekuetatik ere igaroko gara”. Ibilbidea aldatu duten arren, beti bezala “nahiko exijentea” izango da. Dagoeneko “komando limpieza” hasita dago bide bazterrak garbitzen.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete taldeko kideei, boluntarioei, babesle ekonomikoei eta Legazpiko Udalari. Antolatzaile eta boluntarioak batuta, 40 lagun inguru izango dira, “auzokoak asko, eta Xabiren kuadrillakoak ere bai”. Txirrindulariak, “250 eta 300 artean espero ditugu, egunean bertan egiten duen eguraldiaren arabera”.













