«Irakur taldean edozertaz hitz egiteko bidea ireki daiteke»
Goierriko irakurle taldeen topaketa Ataunen zen egitekoa, larunbatean. Bertan behera utzi, eta urtebete atzeratu dute. Laura Mintegi idazleari gonbidapena ere 2021eko ekainaren 12rako gorde diote.
Irakurleen topaketa zapatuan zenuten egitekoa, Goierri mailakoa, Ataunen. Ez da egingo.
Ekainaren 13an ez dela posible izango ikusten genuen, egoeragatik. Zalantza zen udazkenera atzeratu, ala oraintxe bertan erabaki urtebete atzeratzea. Bigarren erabaki hori hartu dugu, eta 2021eko ekainaren 12ra atzeratu.
Laura Mintegi idazlea gonbidatuta zeneukaten etortzeko.
Omendua Laura Mintegi izatekoa zen, eta datorren urterako ere bera mantenduko dugu, noski. Emailez egin dugu harremana, eta bera oso pozik agertu da proposamen hau egindakoan.
Laugarren elkartzea duzue Goierriko irakurleek.
2017an hasi ginen, Juan Mari Irigoienekin, Beasainen. Zumarraga-Urretxun bigarren topaketa taldea bakar bat bezala hartzen da hangoa 2018an izan zen, Antion, Arantxa Urretabizkaiarekin. Iaz Patxi Zubizarretarekin elkartu ginen, Ordizian.
Goi mailako idazleak denak ere.
Urte guztian hainbat herritan euskal idazleen liburuak leitzen aritzen gara. Urtean behin, ahal balitz, idazle horietako bati aitortza egitea pentsatu genuen, taldera gonbidatuta. Aurten, Atauni tokatu zitzaion antolaketa, eta guk erabaki behar genuenez, Laura Mintegi gonbidatzea erabaki genuen. Idazle horren liburu bat irakurri dugu goierritar guztiok, ekainera bitartean. Kasu honetan, Sisifo maite minez aukeratu genuen
Omenduaz gain, irakurgaia ere mantenduko duzue datorren urteko topaketarako?
Bai. Ataungo taldean guk bere garaian irakurri genuen, eta izugarrizko hausnarketa dotorea eragin zigun gaiak. Mintegiri galdetuta, oso ondo iruditu zitzaion oraingoan hori aukeratzea, eta mantenduko dugu datorren urterako ere. Ez litzateke egokia aldatzea. Beste kontu bat da urte honetan zehar berak beste liburu bat argitaratzea; orduan, irakurgaia hark izan beharko luke, jakina.
Nola planteatzen duzue eskualdeko topaketa?
Arratsalde pasa bat izaten da. Egunean bertan etortzen da idazlea, irakurri dugun liburuaren hausnarketa taldeetan egiten dugu guk, eta gero idazlearekin komentatzen ditugu gogoetak. Mintegiren ibilbidea idazle bezala ere prestatuta geneukan. Euskal idazle bakoitzak beste bizimodu bat ere izaten baitu herri honetan. EHUko irakasle da, besteak beste. Aitortza bat da, azken batean; oroigarri gisa zeramikazko oroigarri bat ematekoak ginen.
Zer egitarau zeneukaten?
Udaletxean elkartzekoa. Baimenak aspalditik eskatuta genituen. Udazkenean ez egitearen arrazoietako bat izan da, orain gauza guztiak udazkenera aldatzen ari direla, eta beldur ginen Ataunen bertan fisikoki nahiz beste ekitaldirik ez egon une berean, beste historia batzuk edukiko dituela jendeak nonbait. Ekitaldi zalapartarik ez izateko, goazen urtebete atzeratzera.
Goierrin zenbat irakurle talde zaudete, eta ohikoan zer lotura izaten duzue elkarrekin?
Herri bakoitzak bere dinamika dauka, oso desberdina. Hamar talde gaude: Ataun, Beasain, Gabiria, Idiazabal, Itsaso, Legazpi, Ordizia, Segura, Urretxu-Zumarraga eta Zaldibia. Taldeetako ordezkariek emailez daukagu harremana. Bestetik, beste taldeetan parte hartzea ere libre da: Beasaingo irakurle taldera joan naiteke, adibidez. HITZAtik jakiten dugu zer liburu landuko duen bakoitzak.
Ataungo taldean ere geldialdia egin beharko zenuten?
Martxorako Miren Amurizaren Basa leitu behar genuen. Horri dagokion solasaldia ekainean egingo dugu. Ez dugu eguna zehaztu, baina, beti bezala, hileroko azken asteazkena bada, ekainaren 24an elkartuko gara. Falta da zehaztea liburutegian ohi bezalako elkartze bat egin dezakegun, osasun segurtasun aldetik. Baina ikasturteari bukaera ekainean ematen diogu. Beste liburu bat erabakita genuen, Otalora. Ikusiko dugu hori noizko jarri.
Irakurri beharreko liburuak nola aukeratzen dituzue?
Denon artean erabakitzen dugu. Zerrenda bat badugu, eta taldean zehazten dugu. Ez zait gustatzen nik esatea. Lau urteotan bi bakarrik proposatu ditut. Jendea ez zen ausartzen poesiarekin, tabu edo beldur antzeko bat bazegoen, ‘ez dut ulertzen’ esanez. Eta poesia bat planteatu nuen, adibidez. Hurrengo solasaldian elkartutakoan, librea da aukeraketa, ez da zurruna, ez aurrez erabakia. Aldiko hautatzen dugu. Ez genuen urte guztirako programa bat egin nahi, ezusteari edo proposamenei lekua uzteko hilero. Duela hilabete bat, adibidez, ez genekien Anje Lertxundik liburu bat izango zuenik.
Liburuak nola lortzen dituzue?
Liburuak eskuratzea oso erraza da gaur egun. Liburuzainari esan, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako liburutegi guztietatik ekartzen ditu behar ditugun aleak. Aise eta eroso inguratzen ditu behar ditugunak.
Zenbat lagun izaten zarete Ataungo irakurle taldean?
Batez beste hamar lagun elkartzen gara. Oso kopuru ona da. 31 liburu irakurri ditugu lau urtean.
Ekarpena egingo du horrek, norbere literatura gordailua eta maila aberasteko.
Bai, handia. Oso tipikoa da lehen aldiz etortzen denak esatea edo pentsatzea besteak baino gutxiago dela, literaturaz gehiago jakingo dutela besteek uste izatea, hitz egiteko lotsa edukitzea…. Baina bizitzako beste edozein arlotan bezala, berehala gainditzen da hori. Edozeinek ematen du liburuari buruzko iritzia.
Helburua ez baita literaturaren jakinduria erakustea.
Bakoitzak egin duen hausnarketa eramaten dugu. Ez da bilera itxi eta formal bat. Edozein gauzataz hitz egiteko bidea ireki daiteke, bestetik: emakumeen egoeraz, edo orain AEBtan gertatu dena ikusita, beltzekiko basakeriei buruz irakurtzera goazen… Horrelaxe sortzen da leitzeko proposamena, aktualitateari helduta askotan. Hori gustatzen zait gehien, gainera: ustekabea.