San Sebastian eguna gogoan
San Sebastian egunaren bueltako ekintzak bertan behera geratu dira. Beasaingo Garin auzoan ez dituzte festak ospatuko, eta Seguran ez dute ez mezarik ez hamaiketakorik izango.
Datorren astean izango da San Sebastian eguna, urtarrilaren 20an. Goierrin ere ospakizunak izaten dira egun horren bueltan: Seguran izen bereko ermitan ospatu ohi dute eguna, eta Beasaingo Garinen auzoko festak antolatu ohi dituzte. Aurten, halere, ekintza guztiak bertan behera geratu dira pandemia egoeragatik.
Garingo San Sebastian festetako egitaraua nahiko antzerakoa izaten da urtero eta auzo nortasunari eusteko baliagarria izaten da: iaz herri bazkaria egin zuten Muñogain elkartean, eta ondoren mus eta puntu txapelketak jokatu zituzten auzotarrek. Haurrentzako jolasak ere antolatu ohi dituzte eta txistulariak eta trikitilariak izaten dira giroa sortzen. Iñigo Andreu auzotarrak azaldu duenez, hamar bat lagun bizi dira orain Garinen, eta festetan Beasainera jaitsitakoak ere igotzen dira: «Orain ere, egunero igotzen dira baserrira hemen bizi ziren asko».
Festetako asteburuko igandean, Garingo mendi lasterketa antolatzen dute. Goierri Trail Kopako lehenengo proba izaten da, baina aurten hori ere bertan behera geratu da. Halere, ez dute baztertu urtean zehar antolatzea: «Hasiera batean guk ez dugu egingo, beste data batean egitea posible litzateke baina ikusteko dago dena». Betiere egoeraren arabera, urria aldera egiteko aukera aztertuko dute.
Hildakoen alde
Segurako San Sebastian auzoan, bestalde, ez dute mezarik izango aurten. Zegama bidean dagoen ermitan ospatu ohi dute eguna, eta mezaren ondoren Segurako Udalak prestatutako hamaiketakoa izaten dute: txorizo egosia, ogi pixka bat eta ardoa. Segurako koroa ere joan ohi da mezara abestera.
35 urte inguru daramatzate festa hori antolatzen eta «ohiturak berreskuratzegatik» jarri zuten martxan: «Meza auzoan hildakoen alde izaten da, eta bertan biltzen den dirua ermita konpontzeko lanetarako erabiltzen da», azaldu du Laureano Telleria segurarrak.
«Santiago bideko erromesak pasatzen ziren bertatik eta horregatik jarritako ermita dela esaten da, gelditu eta otoitz egiteko». Telleriak azaldu duenez, Segurako Lardizabaldarrek XVII. mendean eraikitakoa da, eta garai batean zaindaria ere izaten zuen: «San Sebastian eta San Fabian Basilika bezala altxatua izan zen». San Sebastian eta San Roke daude bertan: «Izurriteen kontra otoitz egitera joaten ziren erromesak». Badu ermitak datu aipagarri bat: Euskal Herriko ermiten artean, aingeru beltzak dituen bakarra da.
Segurarrak San Sebastian auzoan elkartu ohi dira urtarrilaren 20aren aurreko asteburuan hildakoak gogora ekartzeko: «Herritik joateko joera ere badago». Baina aurten ez da posible izango COVID-19ak eragindako egoera dela eta. Garingo auzotarrek ere ez dute jai girorik izango eta datorren urtera arte itxaron beharko dute.