Sagardotegietara joateko deia egin dute sagardogileek eta Goiturrek
Goierriko sagardotegien irekiera irudikatu dute, ohi baino bi hilabete beranduago, Olaberriko Etxezurin. Aitziber Garmendia gonbidatu dute, eta 'Otatza' zena gogoratu
Ezohiko sagardotegi denboraldi irekiera izan da aurtengoa Goierrin. Garaiagatik, pandemiaren erruz bi hilabete atzeratu baita; moduagatik, ziritik beharrean botilatik; eta aldarteagatik, ostalaritzan oro har dituzten zailtasunak eta gaueko zerbitzurik eman ezina tarteko. Baina, oroz gain, aurten ere ondu dute sagardoa Goierriko sei egilek, eta prest dute jendeak proba dezan.
Olaberriko Etxezurin ireki zuten, atzo, Goierriko denboraldia, Goitur turismo agentziak antolatuta. Zazpi sagardotegien erronda han osatu da, eta datorren urtean Altzagako Olagin hasiko da bigarren bira. Aitziber Garmendia aktore zaldibiarra gonbidatu dute lehen basokada hartzeko. Kupeletik zuzenean beharrean, Etxezuriko Garbiñe Garmendia anfitrioiak botilatik zerbitzatu zion ohorezko lehen basoa.
Etxezuriko Garmendiak azaldu duenez, uztak ere ez du askorik lagundu: «Aurten uzta makala izan da, sagar gutxi eta gainera uda lehorra». Hala ere, Goierriko sagardoa indartzeko eta babesteko ahaleginean segitzen dutela, eta bertako edariaren kualitateak eta berezitasunak goraipatu ditu: «Badu bere gorputza, garratz puntua eta kolorea. Goierrin barietate eta aberastasun handia dauzkagu. Hemen eguzkiak gehiago jotzen du, sagarrak azukre gehiago izaten du, eta, ondorioz, alkohol gehixeago».
‘Otatza’ zena falta
Irekiera ekitaldian izan ziren, Etxezurikoez gain, Aulia (Legorreta), Oiharte (Zerain), Olagi (Altzaga), Tximista (Ordizia) eta Urbitarte (Ataun) sagardotegietako ordezkariak. Guztiek, Joxe Antonio Iparragirre Otatza zena oroitu zuten, haren faltaz triste. Otsailean hil zen Zeraingo Otatzako nagusia ez dute aurten sagardotegia zabalduko, eta sagardogintzan egindako lana eskertu eta aitortu diote kideek. Iaz, justu, Otatzan izan zen irekiera-ekitaldia. Familiakoei elkartasuna eta animoak bidali dizkiete sagardogileek.
Bertakoaren aldeko deia
Baina COVID-19aren krisi betean, eta aurrera begira jarrita, dei bat egin zuten atzo denek: goierritarrak bertako sagardotegietara joan daitezela, osasun eta segurtasun protokolo guztiak beteko direla agindu dute eta.
Aitziber Garmendiak, sagardogileen erreferentziak bere eginez, Goierriko sagardoarekin identifikatzen dela esan du: «Goxoa banaiz, garratz puntua ere badaukat, eta graduazio altu samarra ere bai».
Bertakoa kontsumitzearen aldeko aldarria egin zuen. «Madrilen denboraldi luzeak egiten ditudanean, amak gazta, babarruna eta Goierriko sagardoa eramaten dizkit, Paco Martinez Soria bezala. Kanpoan egon izan naizenetan ere, hemengo gauzak asko mirestu izan ditut, eta falta sumatu dut. Kontsumitu dezagun bertako produktua. Guk egiten ez baldin badugu, kanpokoek ez dutelako egingo». Bizitzaren alde topa egin zuen: «Topa hemen gaudenongatik, joan direnengatik, baina batez ere bizitzagatik».
Goiturreko Niko Osinaldek, Aste Santuan goierritarrak bertan ibil daitezela erregutu du, «egunero kostaldera joan gabe». Goierriko «nortasuna» erakusteko garaia dela esan du, bertako zerbitzu turistikoetara joanda.













