Musika, aurrez aurre
Garagunen online klaseak jaso dituzte astelehenero Doinua musika eskolaren bidez. Amaia Mujika izan dute irakaslea. Kurtso amaierako saioa aurrez aurre egin dute, zentroan bertan
Legazpiko Garagunen festa giroa nagusitu zen astelehen goizean, musika ikasturteari amaiera emateko aitzakiarekin. Eguzkiñek, Inesek, Maribelek, Inmak eta Edurnek zuzen-zuzenean ezagutu ahal izan zuten urtarriletik pantailaren beste aldetik astelehenero musika klaseak eman dizkien Amaia Mujika irakaslea. Aurrez aurrekoa izan zen azkeneko saioa, eta bertara ezin izan zuten joan beste bi ikaslek, Saioak eta Oihanak .
Doinua Musika Eskolarekin garatu duten lankidetza proiektua izan da.
Musika eskola, Garagunera
Pandemiak ezarritako murrizketei erantzunez, Doinuarekin jarri ziren harremanetan Garagunekoak, lokalean bertan aurrera eramateko musika jarduera baten eske. Doinuan baiezkoa esan zuten, eta Amaia Mujikak heldu zion erronkari. Musika mugimendu, hizkuntza musikal eta flautako irakaslea da, eta Garaguneko erabiltzeentzako bere klaseak egokiak izan zitezkeela ikusi zuen, motrizitatea eta koordinazioa lantzen zituelako.
Klaseak online izan dira astelehen goizetan. «Hasiera zaila izan zen» aitortu du musika irakasleak, «baina oso aberasgarria izan da, beraientzako eta niretzako». Gorputzeko perkusioa, abestea, sentsibilitatea , musikarekin marraztea, erlaxazioa… landu ditu besteak beste, eta ikasleen aldetik izan duen erantzuna ikusita, «prest nago hurrengo ikasturtean jarraitzeko».
Garaguneko ikasleetako batzuk Doinuara bertara joaten ziren pandemia hasi aurretik, eta online saioei esker, musika jarduerarekin jarraitu ahal izan dute. Beste batzuentzat, lehen aldia izan da. Guztiek musikaz asko gozatu dutela zioen zentroan zuzeneko laguntza eskainiz lan egiten duen Sonia Martinek.
Inklusioa helburu
Martinek azaldu duenez, Garaguneko 13 erabiltzaileen inklusioan eta komunitate mailako parte hartzean kokatzen da musikaren jarduera.
Pandemiak murrizketa ugari ekarri dizkie, baina aurrera jarraitzen dute lanketa horretan, eta laster Nagusilan, Katxalin edo Minbiziaren aurkako elkartearekin jorratzen duten elkarlanari ekingo diote berriz, eta irailean, Tipi Tapa berreskuratzea espero dute.