Apotako postuak, ordainduenak igandeko ehiza enkantean
Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoko ehiza postuen enkantea izan da igandean, Seguran. Apota lerroko postuak izan dira ordainduenak: Apota 7 postuarengatik 12.500 euro ordaindu dira, eta Apota 9 postuarengatik beste 12.500 euro. Agiñarain 1 postuaren truke 7.500 euro jarri dituzte, eta Iturgain 6 postuaren truke, berriz, 8.000 euro. Guztira 47 postu atera dira enkantean, eta 40 erosi dituzte ehiztariek. Beste zazpiak Partzuergoko herrien artean zozkatuko dituzte. 140.000 euro inguru jaso dituzte postu guztiak kontuan hartuta.
Aginte makila
Izarra Urdalleta Segurako alkateak, bestalde, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoko lehendakariaren aginte makila jaso du Pako Muñoaren eskutik. Partzuergoko herrietako alkate batek hartzen du lehendakari kargua urtero, txandaka, eta urtebetez Segurakoak jardungo du lan horietan. Amaia Junquera Zeraingo alkatea egon da lehendakari lanetan uztailera arte.