«Gure lanean ezin duzu sekula ziurtatu etorkizuna»
'Kutsitazu bidea Ixabel' musikalarekin Max saria irabazita eta Go!azen telesailaren denboraldi berria aurkezteko galatik ia zuzenean iritsita, Maria Redondo aktore legazpiarra une gozoak bizitzen ari da.
Max saria irabazi berri duzu.
Talde osoarekin batera, bai. Ez genuen espero. Sarietarako izendatuta izatea… azkenean Euskal Herriko musikal berri bat da eta tira, baina gero finalista izatea ere egundokoa izan zen guretzat. Imajinatu saria irabaztea zer izan zen!
Arriagan bertan izan al zinen?
COVID kontua dela-eta ezin izan ginen denok joan, Patxi Barko zuzendaria, Joli Pascualena musika zuzendaria eta Demode taldeko Iker Huitzi joan ziren bakarrik. Nik Donostiatik etxera nentorrela trenean ikusi nuen sari banaketa, Internetez. Gure izena aipatu zutenean, poz handia sentitu nuen, baina trenean jendea zegoenez, ezin nintzen algaraka hasi, neurtu egin behar izan nituen emozioak. Gero aitak deitu zidan, Xantik deitu zidan… Eskerrak taldekideok ospatzeko aukera izan dugun gerora.
Zer da Kutsidazu bidea Ixabel?
1994an Joxean Sagastizabalek idatzi zuen eleberri bat da, egundoko arrakasta izan zuena. Bere garaian pelikula bat egin zuten, antezlana ere bai… eta orain guk ekarri dugun berritasuna da, istorio berdina mantenduta, musikalera ekartzea, abestiekin. Demode Quartet taldeak sortutako abestiak dira, euskaraz guztiak, eta horien bidez kontatzen da istorioa, Juan Martin euskaldun berriarena. Baserri batera joaten da bere euskara hobetzera, eta han bizi den Ixabelekin maitemintzen da, pasarte komiko batzuren artean.
Zein da zure papera?
Ni Ixabel naiz, protagonistetako bat. Bestea, Juan Martinen papera egiten duena, Xanti Korkostegi da. Antzezlan batean bezala, elkarrizketak izaten ditugu gure artean, eszenografia batekin, jantziekin… baina horri kantatxo batzuk txertatzen dizkiogu, zuzenean abesten ditugunak, eta baita dantza ere. Dantzak musikalean parte hartzen duen Karlos Ngema koreografoak sortutakoak dira.
Lagun askoko proiektua al da?
Bai, eszena gainean zortzi gara. Xanti, Karlos eta nitaz gain, Ainhoa Aierbe, Inazio Tolosa, Iker Huitzi, Joli Pascualena eta Santi Romano ere agertzen dira. Eta atzetik lan talde handi bat dugu.
Urte beteko ibilaldia du dagoeneko musikalak.
Bai, iazko urriaren 15ean estreinatu genuen, Arriagan, eta ia urte betera jaso dugu Max saria han bertan.
Pandemiarekin, ez dira agian garai onenak lan bat estreinatzeko.
Egia esan, ez da urte ona izan antzerkiarentzat, eta zuzeneko artearentzat orokorrean. Bolo batzuk izan ditugu, bira bat ere egin dugu, baina guztia oso hotza izan da, aretoak erdi hutsik, jendea musukoarekin ez dakizula beraiengana iritsi zaren, zer sentitzen ari diren, aspertzen ari ote diren… Hotza izan da, aktore bezala hori sentitu dut nik. Baina badirudi gauzak hobetzen hasi direla eta orain irekita gaude datorrenari begira. Sariak ere lagunduko duelakoan gaude.
Nolako lana izan da zuretzat?
Lau urte daramazkit Go!azen telesailean, eta hau desberdina izan da. Lehen aldia izan da Go!azen-etik kanpo zuzendari profesinal batek deitu didana, Go!azen ez den zerbait egiten dudan lehen lana, pertsonaia desberdina da, tesutingurua ere desberdina da, helduagoa… Hasieran presio handia sentitu nuen, horrelako zerbait egiteko prest ez nengoela pentsatu nuelako, baina azkenean oso esperientzia polita izan da.
Go!azen ez duzu utziko.
Ez. 2018an BaGo!az lehiaketa irabazi nuenetik nabil Go!azen-en Zuriren paperean, orain hasiko da laugarren denboraldia. Larunbatean egin genuen aurre estreinaldia Bizkaiko BEC-en. Udan grabatu dugu, eta hemendik aurrera kontzertuak izango ditu. Laster hasiko ditugu entseguak, telesaila azaroan hasiko da emititzen, eta azaro-abenduan hasiko dira kontzertuak. Datorren ia urte osoa dut hartuta.
Ez al zara lerrokatuta sentitzen Zuriren paperean?
Ez nuke hori esango, baina bai egia da oso zaila dela Go!azen-eko pertsonai bat izatearen etiketa kentzea profesionalki beste esparruren batean lan egin nahi baduzu. Eta hori negatiboa izan daiteke. Baina itzela izan da, eta nik pila bat eskertzen dut Go!azen-ek eman didana eta oraindik ematen didana.
Proiektu berriak ere badituzu.
Bai, antzerkian izango da, aktore lana egingo dut.
Zure ibilbidea oso azkar doala dirudi.
Bai, Go!azen-en hasi nintzenetik ez naiz geratu, eta udak grabatzen igarotzen ditut eta gero emanaldiak datoz. Azken urteak lanez beteta izan ditut, oso emankorrak izan dira, eta hurrengo urtea ere hala izango da.
Lanez gain, formakuntzarekin jarraitzen duzu.
Bai, Donostiako Antzerki Eskolan nabil, Egiako TAEn, Taller de Artes Escenicas. Hiru urteko ikasketak dira eta azken urtean nabil. Pila bat ikasi dut.
Nolakoa da zure egunerokoa?
Nekagarria, egia esan. Unibertsitatean ere banabil, Filosofia ikasten eta klaseak goizetik ditut. Goizeko 6etan jaikitzen naiz, eta
TAEn arratsaldez nabilenez, ez naiz etxera itzultzen gaueko 11k arte. Astegunak oso beteak ditut, ez dut ia atseden hartzeko denborarik eta azken urteetan gainera opor gutxi izan ditut. Baina gustatzen zait, ni oso aktiboa naiz eta behar dut egunero zerbait eduki esku artean, bestela galdu egiten naiz.
Eta asteburuetan?
Oraindik ez gara hasi ez entseguekin ez kontzertuekin, eta asteburuak nahiko libre dauzkat eta hori eskertzen dut. Gero azarotik aurrera ia astebururo izango dut zerbait.
Etorkizuna nola ikusten duzu?
Gaztetxotan nuen ametsa bete dut. 11-12 urteko Mariak ez zuen imajinatuko 21 urterekin horrela egongo nintzenik. Eta etorkizunari buruz… gure lanean ezin duzu sekula ziurtatu etorkizuna, orain badakit 2022 urtean lan dexente izango dudala, baina momentuz 2023rako ez dut ezer. Lan honetan zaila da etorkizunari begira jartzea. Horregatik egunean bizi naiz ni.
Ingurukoak ondoan izango dituzu.
Bai, Santi aita eta ama Begoña beti ondoan daude, baita nire bikotekidea ere, asko lagundu dit, nire estutasun eta poztasun guztiekin. Eta nire anaia Jon ere bai, nire euskarria da.