Baso Eskola proiektu ofiziala garatuko dute Olaberriko umeek
Iazko ikasturtean basoaren zikloari buruzko ikasgaiak landu ondoren, 2021-2022ko ikasturte honetan Baso Eskola proiektua bere egin eta curriculum ofiziala garatuko du Olaberriko Herri Eskolak. Haziak aldatu, landareak atera eta landatu, eta basora irteerak egin zituzten eskola-umeekin. Jakintza horretan sakonduko dute orain.
Haurrak naturarekin modu jarraian harremanetan egongo dira, eta umeen garapen osoarentzako eta ongizatearentzako horrek dakartzan onurak nabarmendu dituzte, batetik, Baso Eskolarekin bat egiteko. Curriculum ofiziala garatuko dute, eta naturak hezkuntza-edukiak jorratzeko baliabide didaktikoak eskainiko ditu. «Izan ere, natura bera izango da hezkuntza-baliabiderik garrantzitsuena», azaldu dute Olaberriko eskolakoek.
Ikasleen garapenean natura txertatzeaz gain, bestetik, natura eta biodibertsitatearen inguruan konzienziazio lan bat egitea ere badute helburu.
Jolas askean oinarritua
Jolas askea izango da ikasteko metodologia nagusia, «hori baita neska-mutilen ikasteko metodo naturala». Ikasleek norekin eta non jolastu aukeratuko dute, elkarrekin harremanetan jarriz eta jarduerak eta jolasak asmatuz.
«Metodologia horri esker, ikasleek natura ikertu, eta modu autonomoan eta askean komunikatuko dira elkarrekin; horrela, jarduten ikasten dute, benetako esperientziak bizitzen dituzten bitartean. Beraz proiektu honek eskaintzen duen bi indar-gune nagusiak jolasa eta naturaren aberastasuna dira».
Onurak hiru dimentsiotan lortzen direla aurreratu dute: gelan baino mugimendu gehiago, eremu kognitiboa aberastuta, eta sozialki adin askotakoak batera.













