San Nikolas Txikia itzuli da
Iazko etenaren ondoren, aurten berriz ere ospatu dute Seguran San Nikolas Txikiaren festa. Udaletxean izan da eta Laiotz herri eskolako haurrak taldeka inguratu dira bertara.
San Nikolas Txikiaren festa itzuli da Segurara. Iaz bertan behera utzi behar izan zuten osasun egoera zela eta, eta aurten modu berezian heldu diote abenduaren 6an egin ohi duten jaiari. Jai girorik ez da egon, ezta kantu eskerik ere. Haurrek ez dute aukerarik izan kalez kale ibiltzeko, baina festa gogoan izan dute. Udaletxean ospatu dute eguna. San Nikolas Txikia bertan izan da goizean, eta Laiotz Herri Eskolako ikasleak taldeka gerturatu dira apezpiku txikiarengana. Lehen Hezkuntzako taldeak izan dira lehenengoak, eta Haur Hezkuntzako umeak joan dira ondoren.
Lehen Hezkuntzako lehenengo mailako haurren artean egiten dute zozketa San Nikolas Txikia aukeratzeko, eta aurten Martin Vergara Madrugari egokitu zaio San Nikolas Txikiaren papera. Pozik agertu da tokatu zaion eginkizunarekin. Udaletxeko atarian egin die Martinek harrera ikasleei, apezpikuz jantzita, kalota eta makila ere berarekin zituela, eta alde batetik bestera ibili da taldeak iritsi bitartean. Bertan, San Nikolas abestia kantatu dute ikasleek taldeka, eta San Nikolas eguneko pastel bana jaso dute.
Urtean behin
Sagarrez eta intxaurrez eginiko pastela da San Nikolas egunean Seguran jaten dena, baina txokolatezkoak ere egiten dituzte, eta horietakoak banatu zaizkie eskolako haurrei. Pastel berezia da, San Nikolas egunean bakarrik egiten baita. Ardixarra Etxean salgai jarri dituzte segurarrek dastatzeko aukera izan dezaten.
Modu xumeagoan ospatu dute eguna aurten. Izarra Urdalleta alkateak azaldu du gaztetxoenek «festa gogoan izan dezaten eta eguna ahaztu ez dezaten» erabaki duela Udalak aurten San Nikolas Txiki eguna udaletxean ospatzea, herri eskolako umeentzat bakarrik. Datorren urtean, ondo bidean, Segurako kaleetan barrena aterako dira berriz ere herriko haurrak, egun batez elizako apezpiku izendatutako San Nikolas Txikiaren atzetik, eguneko abestia kantatzen duten bitartean. «San Nikolas Txikia, gure ganbaran hazia, gure ganbaran zer dago, haren gona gorria…».